«Ezinbestekoa da politika sozialek lehentasuna izatea, inor atzean ez uzteko»
David Nuño Gizarte Ongizate saileko ordezkari berriak arlo horretan ezarritako erronkak aurkeztu ditu gaur. «Arlo giltzarria» dela uste du Elkarrekin Podemos-IUko kideak.
Atzo (hilak 21) Hezkuntzako, Gazteriako, Lankidetzako eta Memoria Demokratikoko ordezkari berri Santi Jimenezek bezalaxe, gaur David Nuño Gizarte Ongizate saileko ordezkari berriak arlo horretan ezarritako erronkak aurkeztu ditu. Horrez gain, Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza taldeko ordezkariak koalizio gobernu berriaren balantzea egiteko ere probestu du gaur udaletxean eskainitako agerraldia.
«Irungo gobernu akordioa positiboa da, eta inoiz baino beharrezkoagoa, herritarrek irtenbideak eta ziurtasunak behar dituzten une honetan. Akordio aurrerakoi honek hiri inklusiboa garatzeko aukera emango digu, pertsonekiko konpromisotik, berdintasunetik eta kohesio sozialetik abiatuta; aukera emango du,
halaber, kontzientzia jasangarria ezartzeko eta COVID-19aren ondoriozko egungo krisiaren aurrean oparotasuna eta aukera ekonomikoak ziurtatzeko», esan du lehenik. Gehiengoa batzen jarraitzeko lanean ariko dela nabarmendu du, hau da, elkarrizketa irekita egongo dela gainerako alderdiekin.
Ordezkari berriak hartu berri dituen ardura zorroak gizartearen ongizaterako beharrezkoak direla erantsi du Nuñok, eta saila «arlo giltzarria» dela uste du, «sustatu beharrekoa, eta are gehiago bizi dugun osasun eta gizarte krisiaren testuinguruan». Politika sozialek lehentasuna izango dutela ziurtatu du, «inor atzean ez uzteko».
Lehen mailako arreta, adineko pertsonak, esku hartze komunitarioa… Ordezkari berriaren sailak eremu asko hartzen dituela esan du, eta bere lehen zeregina, sailean lan egiten duten pertsonekin hitz egitea izan dela esan du, «egungo egoeraren erradiografia egin ahal izateko.
Laster zehaztuko duten arren, giza talde langile berriekin indartzeko konpromisoa hartu du ordezkariak, eta horrez gain, urtea amaitu aurretik lehen beste lau enplegu sustapen egingo dituztela.
Ekintzak
Ekintzei dagokionez, etxebizitza parkea handitu nahi dute «gaizki pasatzen ari diren et berriz hasteko leku bat behar dutenentzat, bazterketa arriskuan dauden pertsonentzako tutoretzapeko etxebizitzen eskaintza batean lan eginez». Gainera, Zubian lanorduak gehituko direla azaldu du, eta jantoki sozialeko zerbitzuetara sartzeko betekizunak malgutu egingo dituztela. «Lehen Mailako Arreta ezinbesteko bihurtu da bizitzan zulo bat pasatzen duten pertsona askorentzat. Horregatik, batez ere taldea indartuz jardungo dugu, eta konpromisoa hartuko dugu arloak nahikoa aurrekontu izan dezan Laguntza Bereziei eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzei aurre egiteko».
Amaitzeko, adinekoen kolektiboetan jarri du begirada. Pandemiak bereziki astindu dituen kolektiboa laguntzeko prest agertu da, hala nola, Etxe Laguntza Zerbitzua indartzeko apustua egingo dute, «gure adinekoak errespetatu behar direlako, eta duin bihurtu».