2021. urteko egutegia dagoeneko argitaratu du udalak
686 argazki bidalita 347 lagunek parte hartu dute deialdian. Herritarrek turismo bulegoetan debalde jaso dezakete egutegia.
Hondarribiko Udalak 2021. urterako prestatutako egutegiaren nondik norakoak azaldu zituen atzo Maria Serrano Herritarren Arretarako zinegotziak prentsa aurrean. Matxin Artzu kaleko turismo bulegoaren atarian egin zuen arduradunak aurkezpena.
Prozesua herritarrei zabaldu nahi izan dietela aurten lehiaketa baten bitartez nabarmendu zuen Serrranok, «eta, egia esan, oso arrakastatsua izan da». Zabaldutako datuen arabera, «guztira, 347 lagunek hartu dute parte, eta 686 argazki bidali dizkigute. Horietatik hamabi aukeratu ditugu egutegirako». Hamaika txokoetatik jaso dituztela argazkiak erantsi zuen arduradunak.
Saridunak Matxin Artzu kaleko turismo bulegotik pasa ahal izango dira bihartik aurrera saria jasotzera, Serranok esan zuenez. «Guztira hamabi sari banatuko dira, sari bana hilabetero hain zuzen, baita merchandising pack bat ere. Aipatu behar da mugikortasunarekin eta azokarekin lotutako irudiek azokan gastatzeko bonu bat ere jasoko dutela», erantsi zuen.
Egutegiak debalde jaso daitezke Arma Plazako zein Matxin Artzu kaleko turismo bulegoetan plazaratutako 3.000 aleak bukatu arte. Floren Portuk eta Estitxu Ortolaitzek osatu dute epaimahaia.