Egiari Zor fundazioaren eta Mendebaldeko Sahararen alde egin du udalbatzak
Hondarribiko PSE-EEren udal taldeak mozio alternatibo bana aurkeztu zuen arren, proposamenek ez zuten gainontzeko alderdien babesik jaso.
Egiari Zor fundazioaren eta Mendebaldeko Sahararen inguruko mozio bana jorratu zituen Hondarribiko Udalbatzak joan den osteguneko 2021. urteko aurrekontuen ezohiko osoko bilkuran. Bi proposamenek udalbatzaren babesa jaso zuten, EAJk, Abotsanitzek eta EH Bilduk aldeko botoa eman ondoren. PSE-EEren udal taldeak, bere aldetik, mozio alternatibo bana aurkeztu zuen, nahiz eta proposamenek ez zuten gutxieneko babesa jaso.
Egiari Zor fundazioaren proposamenari dagokionez, EH Bilduren eskariz landu zuen udalbatzak, koalizioak berak, EAJk eta Abotsanitzek mozioa erregistratzea erabaki ostean. Egiari Zor fundazioko Belen Zabalak eta Peio Mindegiak hitza hartu zuten plenoan euren testigantzaren berri emateko.
Guardia Zibilak 1976ko irailaren 8an Hondarribian eraildako Josu Zabalaren iloba da lehena. Haren esanetan, «oso inportantea» da erreminta hau hondarribiarren esku jartzea, izan ere, mozioa onartuta udalak herritarren artean legearen gaineko informazioa zabaltzeko, aholkularitza tekniko-juridikoa emateko, eta tokiko erakunde publikoek beraiek aitortza onartzeko konpromisoa hartu baitu.
Peio Mindegiak bere aldetik 1992an bizitako torturak salatu zituen. Haren senideak bahituta eraman zituzten lehenbizi indar polizialek, eta haren inguruko informazioa lortzeko torturatu zituztela zehaztu zuen. Hura atxilotu zuten biharamunean eta Madrilen bederatzi egunez inkomunikatuta egon zen, egunero, une oro, tratu txarrak jasaten zituen bitartean. Azkenean, kargurik gabe aske geratu zen.
Baina lehen pasarte hura gutxi balitz, Errenteria-Oreretan izandako manifestazio batean indar polizialek larri zauritu zuten Mindegia. Bizitzaren eta heriotzaren arteko marra fina lehen pertsonan ezagutu zuen, eta bizirik ateratzea lortu zuen arren, bi begiak galdu zituen azkenean.
Mendebaldeko Sahara
Marokoko Errsumaren azken mugimenduak Mendebaldeko Saharan bigarren mozio bat eztabaidatzera eraman zuen udalbatza. Izan ere, azaroaren 13an Marokok Fronte Polisarioarekin 1991n sinatutako su-etena urratu zuen. Biztanleria zibila babesteko helburuarekin, Fronte Polisarioak erasoari aurre egin eta su-etenaren bukaera iragarri zuen, lurralde osoan gerra egoera ezarriz.
Hori horrela, EH Bilduren eta EAJren udal taldeek gaia jorratzen zuen mozioa adostu eta udalbatzarrera eramatea erabaki zuten. Bertan, Mendebaldeko Saharako herritarren babesa eta lurraldearen autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen ditu dokumentuak, baita Marokoren okupazioa agerian utzi ere. Gainera, hainbat konpromiso hartzeko eskaria helarazi zioten Eusko Jaurlaritzari. Mozioak Abotsanitzen, koalizio abertzalearen eta jeltzaleen aldeko botoekin onartu zuen azkenean udalbatzak.
Mendebaldeko Sahararen aldeko mozioa bertan irakur daiteke bere osotasunean.