[Erreportajea] Zaintzaren prekarietatea
Adinekoen egoitzetako langileek 246 greba egun pilatu dituzte 2017tik. Aurretik egoera txarra bazen, osasun krisian bizitakoak are gehiago okertu du haien egunerokoa zein egoiliarrena.
Amaigabea suertatzen ari da adinekoen egoitzetako langileen lan gatazka. Iragan astean bi egunez euren jarduna etetea erabaki zuten beste behin zaintzaileek, eta dagoeneko, 246 dira lan gatazka honetan pilatutako greba egunak. Zurrunbilo horretan, itxaropen handirik gabe begiratzen diote etorkizun hurbilari. Argi dute, gainera, kaltetuenak, egoitzetako erabiltzaileak direla.
Bi egun gehiago, eta dagoeneko, 246. Zehatza izan da Loli Santos Irungo Ama Xantalen egoitzako langilea zenbakia ematerakoan; hitz totelik gabe. ELA sindikatuko kidea da, eta argi mintzatu da: «Hasieran bezala gaude. 2016az geroztik ez dute gure hitzarmena berritu nahi izan. Une jakin batean sindikatuen eta patronalaren arteko posturak gerturatu ziren arren, tarifak gaurkotzeko dirurik egon ezean, blokeoa ezartzen da». Santosek azaldu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundia da tarifak gaurkotzeko arduraduna. «Hortaz, enpresez gain gure arazo nagusia diputazioa bera da».
Oiartzungo Petra Lekuona erresidentziako langilea da Eider Zabala. LABeko kidea da, eta haren ustez, hitzarmenean eskatutakoa «bete beharrekoa» da: «Gure eginbeharra adinekoen azken urteetan gustura egoten laguntzea da. Kontua da guk ez dugula beraiekin egoteko denborarik. Eskatzen duguna da, denbora gehiago, denbora gehiago egoteko, ratio hobeagoak. Haiei goxotasun hori emateko denbora behar dugu».
COVID-19a eta gabeziak
Koronabirusak eratutako agertoki berriak haien egoerak «okerrera» egitea ekarri zuen, bi langileek onartu dutenez. Unera arte salatutako giza baliabide falta, gaitzaren lehen olatuan «agerian» geratu zen. Egoerari erreparatuta, greba bertan behera uztea erabaki zuen kolektiboak, baina gutxieneko segurtasun bermerik gabe. Irungo erresidentziako langileak esan duenez, protokoloak egun batetik bestera aldatzen zituzten, eta Norbera Babesteko Ekipamendurik [NBE] gabe lan egiten zuten. Baina ez hori bakarrik: «Laneko uniformeak zergatik ez zizkiguten egunero garbitzen galdetzen genuen, eta ez zela beharrezkoa erantzuten ziguten. Noski, kutsatuz gero, guk eramango genuke birusa etxera».
Gaur egungo egoera oso bestelakoa izan arren, koronabirusak eztanda egin zuenean, maskara kirurgikoak astebetez erabili behar zituztela adierazi du Petra Lekuona zentroko langileak. «Ez genuen eskularrurik, ezta zaborra bereizteko poltsarik ere», erantsi du. Aurretik erabiltzaileak zaintzeko denbora «gutxi» bazuten, orain are eta gutxiago dutela aitortu du penatuta Zabalak. Senideek bisita gutxi egin ditzakete egun, eta boluntarioek ezin dutela jarduerarik egin erantsi du. Zer suposatzen du horrek guztiak? «Ordu piloa ematen dutela telebistari begira. Bakarrik geratu dira».
Baldintza horien ondorioz zaintzaileek «antsietatea» pairatu dutela baieztatu du Santosek. «Ez genuen gure burua egoki babesteko aukerarik, eta etengabe adinekoak hiltzeaz gain, langile gehiago kutsatzen ari ziren». Haren kasuan erresidenteak lasai egotea lortu zutela erantsi du.
Bestelakoa da Zabalaren testigantza. Egoiliarrak «haserre» daudela azaldu du: «Guk ikusten dugu kalean zer dagoen. Sinistu behar dute guk kontatzen dieguna. Senitartekoak etorri ezin direla esaten diegunean haserretu egiten dira. Beraiek, gainera, esaten dute berdin zaiela. Orduan, non daude haien eskubideak? Inork ez die galdetu zer egin nahi duten. Hala da eta kito».
Hiru urteko blokeoa
Osasun krisiaren lehen olatuak iraun bitartean egindako lana aitortuko zitzaiela sinetsita egon da Santos martxotik. «Dena eman dugun arren, ez zaigu gure lana aitortzen», adierazi du, «are gehiago, greba egoiliarren ongizatearen gainetik jarri dugula diote». Hortaz, «berekoiak» izan direla entzun dutela azaldu du amorruz: «Benetan iraingarria dena da haiek euren soldatak igo izana». Hala, euren lanak ekonomikoki baliorik ez duela sentitzen dutela gehitu du, «gehienbat emakumeok osatutako kolektibo bat garelako ote den galdetzen diot neure buruari».
Zentzu horretan, bi langileek bat egin dute euren eskakizunetan: giza baliabide gehiago, soldata duina eta baldintza ez prekarioak. Jardunaldi gehienak %50 edo %60 ingurukoak direla azaldu dute. ELAko afiliatuaren arabera, ospitalean jardunaldi guztiak lan osokoak dira, murriztapena eskatzen dutenenak izan ezik: «Honek zer suposatzen die erresidentzietako langile askori? Beste leku batzuetan lan egitera behartua ikusten dutela euren burua, eta horrek, egoera gero eta gehiago prekarizatzen du».
Zabalak, bere aldetik, harago jo du: «Nire hainbat lankidek egun osoa lanean pasatzen dute, 08:00etatik 11:00etara eta gero 15:00etan etorri behar dute berriro 22:00ak arte. Hor pasatzen dute egun osoa». Hori horrela, baldintza «duinak» ezinbestekoak jo dituzte euren lanarekin aurrera jarraitu ahal izateko. «Inork ezin du hainbeste urtean halako egoera batean lanean egon. Nekatzen ari gara».
Ildo horretan, «ulergaitza» egiten zaio Ama Xantalengo langileari enpresa edota aldundia soldata duindu arteko igoeraren aurka egotea. Azpikontratatutako enpresengan jarri du fokua. «Enpresarekin sinatu behar dugula hitzarmena dio aldundiak, baina aldi berean, diruaren zati bat diputaziotik ateratzen da. Koronabirusak eragindako gainkostua dela-eta ezin dutela igoerarik aplikatu diote, baldin eta aldundiak ez badu diru gehiago jartzen. Zein lekutan gaude gu egoera honetan guztian?».
Kaltetuenak
Ezbairik gabe zehaztu dute Santosek eta Zabalak haiek kaltetuak izan arren, kaltetuagoak direla egoitzetako erabiltzaileak. Lehenak esan duenez, oro har, egoiliarrek bi modutara hartzen dituzte greba egunak: borroka ezinbestekoa ikusten dutenak batetik, eta haien zaintzarekin zer gertatuko ote den beldur direnak, bestetik. Gaurkotasuna jarraitzen dutenak dira lehenak, «irratiko albisteak entzun eta lotsagabekeria hutsa dela argi eta garbi esaten dute». Bestalde, haiekin zer gertatuko ote den beldur direnak daude, «izan ere, kaltetuenak haiek dira» .
Egoiliarren senideak dira gehien kezkatzen direnak Zabalaren ustez: «‘Lehen iristen ez baziren nola iritsi behar dira orain?’, pentsatzen dute». Gainera, koronabirusaren krisiaren aurretik senideek erabiltzaileei laguntza ematen zieten, baina orain ezinezkoa dela deitoratu du, «orain ezin dute ezer egin».
Halere, %100eko gutxieneko zerbitzuak ezartzen dira greba deialdi bakoitzean. «Greba eskubidea ere lapurtu digute», salatu du Santosek, «edo beste modu batera esanda, egunero gutxieneko zerbitzuetan lan egiten dugula onartzen ari dira». Areago, COVID-19 gaitzaren lehen olatua igaro ondoren, diputazioko eta azpikontratatutako enpresetako arduradunek «akats nagusia giza baliabideen falta» izan zela aitortu zutela gehitu du Santosek, «eta orain, langileen kopurua handituko dutela diote, baina bere horretan geratu da baieztapena momentuz».
Etorkizun hurbila
2017. urtean ekin zion erresidentzietako langileen kolektiboak lehen protesta eta mobilizazioei. Denbora tarte horretan, ordea, ez dute akordiorik lortu, eta horri, aurten bizitako osasun krisia gehitu behar zaio. Ezkorrak dira sindikatuetako bi ordezkariak, ez dute etorkizun hurbilean aldaketarako borondaterik atzeman. «Txertoa lortuta COVID-19a bukatzen bada, guk berdin jarraituko dugu, ratio txikiekin», adierazi du Zabalak. Santosek «ilun» ikusten du etorkizuna, «behin-behineko irtenbide batera heltzeko nahia adierazi du diputazioak; behin-behinekoa? Niri horrek bost».
Gatazkaren gordintasunak langileen zein adinekoen ongizatea kolokan jarri du. «Gaizki ginen, gaizki gaude, eta gerora ere, ez dut aldaketarik izango den esperantzarik», dio Zabalak. Amaigabea suertatzen ari da gatazka zaintzaren prekarietatean murgildutako zaintzaileentzat.