Nafarroa etorbidean bidegorri bat egiteko eskatu dio EAJk udal gobernuari
Kolon pasealekutik hasi eta Nafarroa etorbidetik jarraituko duen bidegorri bat nahi dute jeltzaleek. Mugikortasun iraunkorra sustatu nahi bada, «Irunen dugun bidegorri defizita konpondu behar» dela uste dute.
Irungo EAJ taldeak Nafarroa etorbidean bidegorri bat eraikitzeko proposamena egin berri dio udal gobernuari. Orain dela hilabete batzuk Kolon pasealekuan bidegorri bat eraikitzeko aukera aztertzeko eskaera egin zutela gogoratu dute jeltzaleek, baina udalaren aldetik jasotako erantzun bakarra Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planaren esparruan aztertuko zela izan zen, jeltzaleen haserrerako.
«Bidegorri horrek, herritarrek gehien errepikatzen duten beharretako bati erantzuteaz gain, Iruni aukera emango lioke hiri garbiago, seguruago, adeitsuago eta ingurumena errespetatzen duen hiri baterantz benetako urratsak emateko», esan du gaurko agerraldian Xabier Iridoy bozeramaileak.
Sentsibilizazio kanpainak beharrezkoak direla uste dute jeltzaleek, baina ez dela egin beharreko gauza bakarra. «Udal gobernuak ia 10 urte izan ditu sentsibilizatzeko, Irun 30 ezarri zenetik, eta, errealitatean, ez da lortu bizikletak eta patineteak errepidetik ibiltzea, ikusten duten segurtasun faltagatik. Bizikleta motordun ibilgailuen ondoan erabiltzeak ez du bermatzen haien segurtasuna; izan ere, debekatuta egon arren, horietako askok nahiago dute espaloietan ibili, eta, horrela, beste segurtasun gabezia bat sortzen da, oraingoan oinez doazen pertsonengan», erantsi du bozeramaileak.
Horregatik, Kolon pasealekutik hasi eta Nafarroa etorbidetik jarraituko duen bidegorri bat egitea proposatu diote udal gobernu berriari. Amaitzeko, jeltzaleek esan dute mugikortasun iraunkorra sustatu nahi bada, «Irunen dugun bidegorri defizita konpondu behar» dela. «Mugikortasun seguru, iraunkor eta orekatuaren aldeko apustua egiten dugu, non pertsonak izango diren zentroa. Aurrera egin dezagun etorkizunari begira, eta entzumena herritarrengan».