Madalen karrikako eskailerak eta Sabin Aranako igogailua konponduko ditu udalak
Igogailua konpontzeko 30.000 euroez gain, eskailera mekanikoetarako 90.000 euro bideratuko ditu udalak. Arazo teknikoei administratiboak gehitu behar zaizkiola adierazi du Sagarzazuk.
Txomin Sagarzazu alkateak azaldu duenez, Sabin Arana kaleko igogailua eta Madalen karrikako eskailera mekanikoak konpontzeko prozesua abiatu du Hondarribiko Udalak. Agintariak onartu duenez, «arazo teknikoei administratiboak» gehitzea ezinbestekoa da.
Hala, lehenaren kasuan, «errodamendu nagusi bat» hondatuta dago, eta egitura bat eraiki behar da hori konpontzeko. Denera, 30.000 euroko diru saila bideratu du horretara udalak. Bigarrenak, ordea, urtarrilean suhiltzaileek erreskate bat egin behar izan zuten bertan, eta eragindako kalteak espero baino handiagoak dira. 90.000 euro zuzenduko ditu kalte horiek konpontzera.
Arazo administratiboen inguruan, «ezin dugu esleipena pentsatu bezala eraman», adierazi du alkateak. Izan ere, Hondarribiko Udala Gipuzkoako Foru Aldundiaren kontratazio sistemaren barruan dagoela. «Horrek abantaila batzuk ematen dizkigu, prezio lehiakorrak lortzen ditugulako, baina kudeaketa administratiboetan zailtasunak jartzen dizkigu».
Hori horrela, «udala ez da behar bezain arretatsua izan, eta horretan autokritika egin eta argi esan behar dugu», jarraitu du alkateak, «gure teknikariek beharrezko txosten teknikoak eskatu zituzten. Esleipen publikoaren bideari ekin zitzaion, eta kreditu aldaketan kopuru bat onartu zen, konponketarako behar zen kopurua bideratuz. Azkenean, kontratu deribatu bat egin behar izan dugu Foru Aldundiarekin dugun kontratu horren barruan».
Igogailua konpontzeko epea bi hilabetekoa dela ezagutarazi dute, eta eskailerena, bostekoa.