Herriko Emakumeak Plazara aterako ditu Emeki elkarteak astelehenean
Hondarribiko hogeita zortzi emakume erreferente liburuxka batean biltzeaz gain, V. Emakumezko Pala Txapelketaren gaineko ikus-entzunezkoa aurkeztuko du elkarteak.
Herriko Emakumeak Plazara izenpeko ekitaldia antolatu du Emeki emakumeen elkarteak astelehenerako (hilak 21), San Tomas egunarekin batera, Itsas Etxea auditoriumean, 19:00etan. V. Emakumezko Pala Txapelketaren gaineko ikus-entzunezkoa jendaurrean proiektatzeaz gain, Hondarribiko 28 emakume erreferenterekin osatutako Antzina eta Gaur liburua aurkeztuko dute bertan elkartekideek.
Bertsolari batek hasiera emango dio ekitaldiari, Emekik jakinarazi duenez. Ondoren, Kontxi Galardik, Ixabel Alkainek, Garbiñe Tijerok, Tamara Sastrek, Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak eta Txomin Sagarzazu alkateak hartuko dute hitza.
Edukiera mugatua izango du ekitaldiak, beraz, sartzea debalde den arren, gonbidapenak 17:00etatik aurrera banatuko dira Itsas Etxea auditoriumeko leihatilan bertan.