[Erreportajea] Jostailuak ere eskubide direlako
Gurutze Gorriaren jostailu bilketa azken txanpan sartu da dagoeneko. COVID-19aren ondorioz jostailuak familia askoren lehentasunen artetik desagertu direla jakitun izanik, laguntza ematera deitu dituzte herritarrak.
Ume guztiek jostailu bat estreinatzeko eskubidea dutela sinetsita, bilketa solidarioa abiatu du, aurten berriz ere, Gurutze Gorriak. Familia zaurgarrienak laguntzera zuzenduta dago bilketa. Oarsoaldean eta Bidasoan, Irungo, Hondarribiko eta Errenteria-Oreretako egoitzak bilketa gune dira egunotan.
Urtetik urtera eskatzaileen kopurua hazten dela azaldu du Ane Albisu Gipuzkoako Gazteen Gurutze Gorriko teknikariak. Horien profila orotarikoa dela erantsi du, eta aurten, koronabirusak eragindako krisia medio, eskaeren kopuruak ohikoa baino gorago egin duela deitoratu du: «Egoera zeharo prekarizatu da, eta beraz, zaurgarritasun egoeran dauden familiak gehiago dira».
Zentzu horretan, oinarrizko beharrei erantzuteko zailtasunak dituzten familiek jostailuak alboratzera behartuak ikusten dutela beraien burua adierazi du. Haren aburuz, jostailuek «berebiziko garrantzia» dute haientzat, eta horien falta umeen eskubideen aurkakoa da.
Hori horrela, aurten inoiz baino ozenago egin dute dohaintza egiteko deia. Hainbat bide eskura jarri ditu Gurutze Gorriak horretarako, hala nola: bere egoitzetan, dagokion ordutegian, jostailuak utzita; hainbat saltokirekin sinatutako hitzarmenari esker, haien bitartez laguntza ematera; edota Bizum bidez dohaintza egitera. Osasun krisiak hala bultzatuta berritasun gisa aurkeztu du azken aukera hori Gurutze Gorriak. Albisuk azaldu duenez, 01376 kodea sartuta Gipuzkoako Gurutze Gorriaren izena agertuko da, eta azkenik, norberak erabakitzen duen diru kopurua emango du. Bertan bildutako diruarekin, eskatzaileentzako jostailuak erosiko ditu laguntza taldeak.
Baldintzak
Gurutze Gorriak abiatutako bilketa kanpainak hainbat baldintza ezartzen ditu herritarrek emandako jostailuak jasotzeko. «Jostailuek balio zehatz batzuk betetzen dituztela uste dugu, eta horregatik, nolakotasunari garrantzia ematen diogu», esan dute teknikariak. Albisuk dioenez, ildo horretan, jostailuak berriak izan behar dutela da herritarrei atentzioa gehien ematen dien araua. Egoera «onean» egon arren, bigarren eskuko jostailuak ez biltzeko hainbat arrazoi aipatu ditu, besteak beste: ekitatea eta haurren arteko diskriminazio eza bultzatzeko. «Ez dugu uste lehen eta bigarren mailako haurtzaroa dagoenik, batetik, eta jostailua behin bere kutxatik aterata %100ean segurua denik bermatu ezin dugulako, bestetik».
Horrez gain, jostailua sexista edota belikoa ez izatea ezinbestekoa da. Albisuk azaldu duenez, bildutakoak generorik gabekoak izatea eskatzen zaie herritarrei, baita gerrarekin zerikusirik ez izatea ere: «Gurutze Gorrian indarkeria jokabideak prebenitzen ditugulako, eta ez dugulako uste gerraren inguruko ezaugarriak dituen jostailu bat hezigarria izan daitekeenik».
Jostailuak hezkuntza eta aisialdirako erremintak izanik, haurtzaroan duten garrantziaz nabarmendu du kideak. Hortaz, jokamolde zehatz batzuk aldatzeko ere baliagarriak direla ziur agertu da teknikaria. Jostailuen bitartez mundua «ezagutu, manipulatu, ikusi eta interpretatu» egiten dute haurrek, eta aldi berean, «besteekin harremanetan jartzeko eta komunikatzeko ikasketa modua dira».
Aipatutako ezaugarriez gain, beste hiru irizpide betetzen dituzten jostailuak «defendatzen» eta «sustatzen» dituztela adierazi du teknikariak, esaterako, jostailu kooperatiboak, iraunkorrak edota hezigarriak izatea. Ezaugarri horiek harreman osasuntsuak eraikitzen lagundu, interakzioa areagotu, indibidualismotik atera, eta ingurumenarekiko errespetua transmititzeko baliagarriak dira haren esanetan. Hori horrela, aurtengo kanpainan, inoiz baino gehiago, parte hartzera deitu dituzte herritarrak, jostailu bat izateko eskubidea bermatzen lagun dezaten.
Bilketa guneak Bidasoan:
- Irun. Hilaren 15era arte Euskal Herria hiribideko egoitzan, astelehenetik ostiralera 08:30etik 14:00etara, eta astelehen zein asteazkenetan 17:00etatik 20:00etara.Informazioa: 943 62 11 62.
- Hondarribia. Hilaren 18ra arte Puntaleko egoitzan, astelehen eta asteartean 15:30etik 19:30era; asteazkenetan 09:30etik 12:30era eta 15:00etatik 18:00etara; ostegunetan 16:00etatik 19:30era; eta ostiraletan 09:30etik 12:30era. Informazioa: 943 64 17 27.