«Udalarekin ez genuen konexiorik lortu, erabat bakarrik sentitu ginen»
Lehen Euskaraldian buru-belarri aritu ziren Aitzondo taldeko kideak, baina udalarekin izandako «esperientzia txarrak» bigarren honetan antolatzaile lanak uztera behartu ditu. Haiekin hitz egin du HITZAk.
Lehen Euskaraldian buru-belarri aritu zen Irungo Aitzondo Euskara taldea, baina izandako «esperientzia txarrak» bigarren honetan antolatzaile lanak uztera behartu zituela kontatu du taldeko kide Beñat Muguruzak.
2018 hartan, lehen unetik «gihar falta» sumatu zuten Aitzondokoek, udalaren aldetik «oztopoak besterik ez» zituztela aurkitu dio amorruz, eta ariketa soziala amaitzerakoan «oso tonu itsusian eta autokritikarik gabe» aritu zela udala. Orduan eten zuen harremana udalarekin Aitzondok. «Udalarekin ez genuen konexiorik lortu, erabat bakarrik sentitu ginen, eta azkenerako asko higatu gintuen esperientzia hark, bai elkarte mailan bai maila pertsonalean».
Aurten ere udala haiekin harremanetan jarri da, baina ez dute ikusi norabidea aldatzeko inolako borondaterik. «Hau guztia pena handiz esaten dugu. Irun bereziki leku aproposa iruditzen zaigu Euskaraldiaren formula aplikatzeko; euskaraz txukun egiten duten milaka lagun bizi dira erdaraz hemen, eta horiek aktibatzeko balio lezake. Hori bai, Irun hiri puska bat da, eta gogoa eta baliabideak jarri behar dira».
Antolatzaile gisa aritu ez arren, ahobizi gisa arituko dira Aitzondoko kide guztiak. Bide batez, irundar guztiak parte hartzera animatu dituzte.