[Elkarrizketa] Mikel Alberdi: «Jende askok txapa jantzi du jada; gogoz daude»
Egunotan Arigune gisa ari den Bidasoa LHII-ko irakaslea elkarrizketatu du HITZAk. Helburua, argia: «ikasleak edo kanpotik etor daitezkeen enpresak, senti dezatela lasai euskaraz aritzeko aukera dagoela gurean».
Arigune gisa ariko zarete aurten. Zer dela eta hartu duzue erabakia?
Azken urteetan oso normalizatua izan dugu euskara eguneroko hizkuntza bezala. Egunerokoan euskaraz egiten dugunez, nahi izan duguna da gure zentrora bertaratzen den pertsona oro, ikasleak edo kanpotik etor daitezkeen enpresak, senti dezatela lasai euskaraz aritzeko aukera dagoela gurean. Hori helarazi nahi dugu aurten. Izan irakasle, langile, garbitzaile, atezainak… Denek hartuko dugu parte.
Zerbait berezia prestatu duzue egun horietarako?
Oraindik horretan gabiltza. Gure asmo nagusia ikasleen artean erabilera sustatzea da. COVID-19a dela eta, ikasle batzuk etxean konfina daitezke Euskaraldiak iraun bitartean, beraz, lehiaketa telematiko batzuk egitea aurreikusi dugu, beti ere euskara sustatzeko. Alde batetik, Instagram-en lehiaketa bat egingo dugu, eta bestetik, Egunean Behin jolasaren antzeko joko bat sortuko dugu.
Irakasleentzat ez da aldaketa handirik egongo. Gu 85 bat gara jada izena eman dugunak, ia denek hartuko dugu parte. Erakutsi dezagun Bidasoan euskaraz egiten dugula, edonork eta edonoiz. Jendea gogoz dagoela ikusten ari gara. Askok jada txapa soinean daramate, nahiz eta oraindik ez den hasi. Iazko edizioan ere pasatu zen. Hamaika egunetatik harago ere askok txapa mantendu zuten, motxiletan edo soinean. Hori da lortu nahi dena, urte osora zabaltzea joera. Gero eta hobeto gaude zentzu horretan, seinale ona da hori.
Erabilera datuak dira kezka nagusi Irunen. Nola eman bira horri?
Irungo Euskaraldiko Batzordeetan egon naiz, eta kezka nagusia hori da, erabilerarena. Irakasleek une oro euskaraz egiten dugu, ikasleekin ere bai, baina beraien artean daudenean joera aldatzen da. Nahiz eta euskaldunak izan beraien artean gaztelerara egiten dute salto maiz. Txip hori aldatu beharra dago, eta horretarako heziketa zentro eta ikastetxeak funtsezkoak gara. Ea datozen Euskaraldiko edizioekin arazo horri bira emate