EH Bildu: «Indarkeria matxistaren pandemiak lehentasuna izaten jarraitu behar du»
Biharko Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunaren gaineko irakurketa egin du koalizio subiranistak. «Prebentzioa lantzen jarraitzeko, arreta egungo egoerara egokitzeko eta erreparazioa alde batera ez uzteko beharrezkoak diren baliabide guztiak konprometitzeko» eskatu die erakundeei.
Biharko (hilak 25) Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunaren harira, Irungo EH Bilduk irakurketa bat elkarbanatu du irundarrekin. «Emakumeen kontra burutzen den indarkeria mota oro, guztiz onartezina dela esateko eguna da; gainera, indarkeria sortzen duten eragile eta egitura guztiak errefusatzen ditugula esateko eguna da, eta gure herrian ez dugula ez bakerik ez normalizaziorik izango emakume izate hutsagatik emakumeak hiltzen eta erasotzen jarraitzen den bitartean», esan dute lehenik hedabideei bidalitako oharrean.
Pandemiak, gainera, indarkeria matxistaren biktimak bereziki kaltetu dituela esan dute koalizio subiranistako kideek, eta aurreratzean ere emakumeek pairatuko duten egoera «modu bortitzagoan» azaleratuko dela. «Aurreko krisietan gertatu zen bezala, jendarte estres handiagoak eta jendarte gehiengoen bizitzaren prekarietate orokorrak erasotzaileen indarkeria areagotzea ekarriko du, eta emakumeek autonomia gutxiago izango dute erabakiak hartzeko», erantsi dute.
Irakurketan nabarmendu dutenez, emakumeengan zuzenean eragindako indarkeriaz gain, COVID-19aren krisian indarkeria mota batzuk areagotuko direla uste dute, hala nola ekonomikoak. «Erakundeen betebeharra da emakume eta seme-alaba guztiek beren egoerarako arreta egokiena jasotzen dutela bermatzea. Indarkeria matxistaren pandemiak lehentasuna izaten jarraitu behar du, eta, beraz, prebentzioa lantzen jarraitzeko, arreta egungo egoerara egokitzeko eta erreparazioa alde batera ez uzteko beharrezkoak diren baliabide guztiak konprometitu behar ditugu».
Horretarako, mugimendu eta aditu feministen eskutik aurrera egiteko premia nabarmendu dute. Bide batez, gogoan izan dituzte aurten Euskal herrian erail dituzten lau emakumeak. Amaitzeko, «Euskal Herri feminista, justu eta ekitatezko baten alde» lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute, eta biharko egunaren harira antolatutako egitasmo guztietan parte hartzera deitu dituzte irundarrak.