Astelehenean zabalduko dute Lannahi programaren bigarren txandan izena emateko epea
Langabezian dauden irundarrei euskara doan ikasteko aukera eskainiko die Udal Euskaltegiak. Izen emateak hilaren 30etik aurrera egin daitezke.
Irungo Udal Euskaltegia Lannahi programaren bigarren txanda abiatzeko prest da. Hortaz, euskara ikasteko interesa duten langabeak adi egon daitezela. Izan ere, urtarrilaren 7an hasiko dute doako ikastaroa, eta izen emateak astelehenean (hilak 30) zabalduko dituzte.
Hasiera batean ikastaroak aurrez aurreko eta modu telematikoan eskaintzea aurreikusi dute, nola ez, «ikasle eta langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko beharrezkoak diren prebentzio neurriak hartuta». Halere, izen emate kopuruaren arabera beharrezkoak diren egokitzapenak egingo dituzte.
2020-2021 ikasturtean bost txanda eskainik dituztela zehaztu du udalak; hiru ikasturtean zehar (lau orduz ariko dira arratsaldetan) eta bi udan (lau orduz ariko dira, baina goizez). Parte hartu ahal izateko, honako baldintzak bete beharko dira: Lanbiden lan eskatzaile bezala inskribatuta egotea eta langabezian egon edo lanean egonda ere jardunak jardunaldiaren %50a ez gainditzea.
Izen emateak abenduaren 10era bitarte egin daitezke, HAZ bulegoan bertan. Eskaeraz gain, mailaketa proba bat ere egin behar dela gogoratu dute euskaltegitik. Horretarako, 943 505 273 telefono zenbakira deitu beharko da.