«Koronabirusaren osasun baldintzek ahalbidetzen duten moduan» borrokarekin jarraituko dute pentsiodunek
Asteleheneroko elkarretaratzeak bertan behera utzi arren, ahal bezain laster berriro kalea hartzeko asmoa du Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduak.
Asteleheneroko elkarretaratzeak bertan behera utzi arren, Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduak borrokarekin jarraitzeko premia nabarmendu du, hedabideei bidalitako ohar batean azaldu duten bezala. Bertan adierazi dutenez, «koronabirusaren osasun baldintzek ahalbidetzen diguten moduan» mobilizazioekin jarraituko dute. Beraz, adi egon daitezela herritarrak.
«Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduak pentsio publiko duinak defendatzen jarraituko du. Eta
aurrekontuen eta pentsioei buruzko legeen bidez gure oinarrizko eskaerak eraginkortasunez
gauzatzen ez diren arte. Arreta berezia jartzen ari gara gutxieneko pentsio batzuk berma daitezen, ehunka mila pentsiodunek bizitza duina izan dezaten, batez ere emakumeek, hilabete amaierara iristeko
benetako zailtasunak baitituzte», esan dute oharrean.
Urriaren 26an egin zuten pentsiodunek azken mobilizazioa, «kutsatze berrien egoera kezkagarriaren aurrean» mobilizazioak bertan behera uztea erabaki baitzuten. Halere, zenbait pentsiodun euren kabuz elkartzen hasi dira astelehenetan, noski, neurriak betetzen (goiko irudia asteleheneko elkarretaratzean jasotakoa da).