Iñigo Muguruzaren erdigunera
Irungo Udalak lehenengoz abiarazi du Iñigo Muguruza beka, eta Asier Suberbiolak eskuratu du. Horri esker, Muguruzaren musikan eta izatean sakonduko du, material pedagogikoa sortzeko.
[GIPUZKOAKO HITZAn publikatutako erreportajea da]
Iñigo Muguruza I. beka irabazi du Asier Suberbiola Unanue musikariak (Lasarte-Oria, 1978). Aurkeztutako egitasmoaren arabera, Irungo musikariaren ibilbidearen ikerketa egin, eta material didaktikoa sortuko du, musika eskoletan nahiz beste moduren batean erabili ahal izateko. Zortzi hilabeteko epea dauka lana egiteko, bekaren oinarrietan azaltzen denez.
Lanaren lehen zatian, Muguruza zena parte izan zen musika taldeen abestien aukeraketa bat egingo du. Egitura eta harmonia aldetik adierazgarrienak iruditzen zaizkionak hartuko ditu. Badu lana. Izan ere, Kortatu, Delirium Tremens, Negu Gorriak, Joxe Ripiau, Sagarroi, Lurra eta Hiru Leike taldeetako kide izan zen. Bigarren fasean, abestiak zatikatu eta ulertzen saiatuko da, zer egitura duten zehaztuz —harmoniak, akordeak, graduak…—, Muguruzaren lan musikalean mikroskopioa jarriz.
Horretatik, material erabilgarria sortzea du helburu Suberbiolak. “Ez dut partitura soilak izatea nahi, musikariak begi aurrean jarri eta joko dituenak. Ez. Formatu berri bat sortzen ari naiz. Partiturek deskribatzeko duten boterea eta interpretatzeko marjina konbinatzen saiatuko naiz, sormena askoz gehiago lantzeko helburuarekin. Sortuko dudana malgua izatea nahi dut”.
Baina, harmoniak eta notak gorabehera, Suberbiola jakitun da Euskal Herriko herri musika modernoaren erradiografia bat egingo duela, Iñigo Muguruza (Irun, 1964-2019) artistaren lana aztertuz. Are gehiago, garai, aro baten muinera joango da; zehazki, Irunen, Moskun, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan bizi izan zena aztertuko du lanean. Garai haietatik euskal musikak izandako eraginen hedapena nolakoa izan den ikertuko du. Izan ere, Iñigo Muguruzaren musika sorkuntzak asko edan zuen garaian garaiko borroka, desio, frustrazio eta doinuetatik.
Suberbiola ez da arrotz sentituko ikerketa lan horretan. 32 urte dituen arren, zuzenean eta zeharka etxean ezagutu du Muguruzak zer egin zuen, etxean entzuten zituen Kortaturen diskoetatik hasita, Negu Gorriak lagunekin entzun eta ikusteraino. Joxe Ripiau Positive bomb da harentzat. “Ilusio handiz aurkeztu nuen bekarako proiektua. Koherentzia prozesu bat zen niretzat. Iñigo Muguruzaren figura nire bizitzan oso indartsua izan da. Beraz, oso pozik nago beka lortu dudalako”.
Eboluzioa
Kortaturen gordinetik Iñigo Muguruzaren azken urteetako taldeen erritmo goxoagoetara, eboluzioa izan zuen irundarraren musikak: “Normalean artista batek estilo bat edo egiteko modu bat bere egiten duenean, publikoak espero du musikari horrek estilo hori jarraitzea. Baina fisikoki, emozionalki edo pertsonalki garatu gaitezkeen bezala, askotan, artistak aldatzen direnean gatazka bat izaten da”. Hori ez zen Muguruzaren kasua izan, Suberbiolak zehaztu duenez. Jakina eta nabaria da musika egiteko eta espresatzeko era urteen poderioz aldatu egin zela, baina ziurtatu du beti unean-unean sentitzen zuenarekin koherente izan zela Muguruza: “1980ko hamarkadan, Kortatu martxa eta agresibitatearekin zegoen loturik; horri modu sofistikatuagoan eman zioten jarraipena Negu Gorriak-en Ferminek [Muguruza] eta Iñigok; Hiru Leiken edo Lurran askoz ere lasaiagoa zen musika proposamena. Iñigo oso koherentea izan zen bizi zuenarekin, eta horrela azaldu izan du sortu duen musikan”.
Suberbiolarentzat ezinbestekoa izango da bekaren barruko lana egiteko Muguruza familiarekin harremana izatea, haiek proiektuaren partaide bihurtzea: “Ez dadila izan nire egitasmoa bakarrik. Iñigo Muguruzarena da proiektua”. Batez ere, haren anaia Jabier eta Ferminekin biltzen hasi da. Irunen eta Euskal Herrian erreferente izan den musikariaren inguruko ikerketa lan sakon bat egin nahi du, ondarez betetakoa. “Asko egin dute euskal musikagatik”.
Aitzindari
Irungo musika eskolan eta kontserbatorioan gitarra elektrikoko lehen irakaslea izan zen Iñigo Muguruza. Ondoren, baxu eskolak ere ematen hasi zen. Zentroak erabaki zuzena hartu zuela uste du Suberbiolak: “Oso garrantzitsua da, ezagutza izateaz gain, esperientzia izatea. Nork transmitituko luke hark baino hobeto zer den gitarra elektrikoa edo baxua?”.
Ikasleentzako, haien musika irakaslea kontzertuak ematen ikustea edo Asian bira batean dabilela jakitea motibazio iturri dela nabarmendu du bekaren irabazleak. “Zentro batzuetako zuzendariek hori ulertzen dute; besteek, ez. Alde horretatik, Pedro Martinez Irungo musika eskolako eta kontserbatorioko zuzendariaren apustua eskertzekoa da”. Bekaren alde lan egin duen pertsonetako bat Martinez izan dela zehaztu du Suberbiolak. Irungo Udalarekin batera garatu ahal izan dute egitasmoa.
Iazko irailaren 5ean hil zen Muguruza, 54 urte zituela. Haren zein aro duen kuttunen galdetuta, erantzunaren lehen zatian irribarre zalantzatia egin du Suberbiolak, eta bigarrenean serio jarri da: “Ez nuke bakarra aukeratuko. Garai bakoitzak oroitzapen pila bat ekartzen dizkit, eta hori izan da bekara aurkeztu nuen proiektuaren muina. Beldurrik gabe eta lotsarik gabe adierazi zuen Iñigok aldatzeko zuen gaitasuna. Horrekin geldituko nintzateke, koherentzia horrekin”.
Klasikotik inprobisaziorako bidea egiten
EHUn pedagogian lizentziatua da Asier Suberbiola, eta maila goreneko biolin irakaslea da. Egun, Bartzelonako Taller de Musics eskolako irakaslea da. Euskal Herrian, hainbat musika eskola eta kontserbatoriotan egin du lan aurretik. Horrez gain, zenbait musika taldetan biolina jo izan du, 15 urte zituenetik. Aupa Quartetekin, esaterako, munduan ibilia da kontzertuak ematen. Biolin klasikoa nahiz rock eta jazz inprobisazioa lantzen ditu. Aupa Strings-en dabil murgilduta gaur egun, eta ez du galtzen beste hainbat kolaborazio egiteko aukera.