1.000tik gora irundarrek jada Euskaraldian izena eman dute
Hilaren 19a (osteguna da) izango da izena emateko azken eguna. Bihar (hilak 11) Irungo Euskaraldiko Batzordea bilduko da, bilera ireki batean.
Aurtengo Euskaraldirako soilik bi aste falta direnean, Irungo Udalak bigarren edizioaren gaineko datu gehiago eman ditu. Horien arabera, dagoeneko 1.000 irundar baino gehiagok eman dute izena Ahobizi edo Belarriprest gisa aritzeko. Oraindik izena eman ez dutenak bizkor ibili daitezela, izan ere, hilaren 19an (osteguna da) itxiko dute epea.
Bihar (hilak 11) Euskaraldia Batzordean Irungo lan taldea egiten ari den lanaren jarraipena egiteko aukera izango dute herritarrek, hirugarren bilera irekian. 18:00etan egingo dute, Palmera Montero Guneko 5. aretoan. Presentzialki jarraitu nahi dutenek helbide honetara idatziz izena eman beharko dute. Bestela, online bidez ere jarraitu ahal izango da, esteka honetan.
Motorrak berotzen jarraitzeko bigarren tailer bat iragarri dute, Ahobizi zein Belarriprest rola zertan datzan ikasteko. Larunbatean (hilak 14) egingo dute (11:00etan Ahobizi-en saioa eta 12:00etan Belarriprest-ena), Palmera Monteron. Esteka honetan edo helbide honetara idatziz izena eman beharko da aldez aurretik.
Txapak
Era berean, 2018an erabilitako txapa berreskuratzeko deia egin du Irungo lantaldeak, «batetik ingurugiroaren aldeko keinu gisa, eta bestetik, banaketa egunetan izan daitezkeen jende pilaketak murrizte aldera». Halere, txaparik ez dutenek ondorengo egunetan jaso ahal izango dituzte Udal Euskaltegian: hilak 9, 11, 13, 17 eta 19an, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.