[Erreportajea] Zaporeen ezkontza dantza
Gastronomia zein ardo zaleek hitzordua dute hil honetan zehar Hondarribiko XVII. Uztartze Jardunaldietan. Gustu guztiak asetzeko adina proposamen izango dira mahaikideen eskura.
Plazerra izan ohi da gastronomiaren maitaleentzat jaki ezberdinak dastatzeko parada egin ahal izatea. Mokadu horiek aditu talde batek aukeratutako ardorik egokienekin ezkontzeko aukera eskura izanez gero, are gozagarriagoa bilakatzen da esperientzia. Horixe da, hain justu, Hondarribiko hainbat taberna, jatetxe eta gastrotekek hil honetan janariaren eta ardoaren maitaleei eskainitako esperientzia: XVII. Uztartze Jardunaldiak.
Ibilbide luzea bete du Hondarribiko Ostalaritza Elkartetik abiatutako proposamenak, inoiz ez, baina, aurtengo egoerak planteatutako erronkarekin. Juancar Aierbe da elkarteko arduraduna, eta onartu duenez, «oso zaila» da sektoreak bizitako krisia: «Hala eta guztiz ere, jendea kalera zertxobait ateratzera eta tokiko komertzioetan zein ostalaritzan kontsumitzera animatu nahi dugu, baimendutako ordutegien barruan, eta zentzuz jokatuz».
Koronabirusak eragindako krisi ekonomikoaren aurrean, «ahalegin guztiak» ongietorriak direla erantsi du, «sektoreak orain dela zenbait hilabete bizi duen hondamendi ekonomikoa arindu eta bizirauten laguntzeko». Ildo horretan, argi mintzatu da arduraduna: «Zenbait ostalarik bizi duten egoera oso zaila baino, dramatikoa da».
Egoerari erreparatuta, proposamenak egitea eta Hondarribia «bizirik» dagoela demostratzea da gakoa, haren iritziz. «Baikortasunetik lan egiten dugu, bestela ezinezkoa litzateke aurrera egitea», azaldu du, «eta guk gure proposamenak egiten ditugun bitartean, beste sektoreek haienak egiten dituzte. Zentzu horretan, zeharo garrantzitsua iruditzen zaigu jendea aktibatzea kultura kontsumitu dezan, baita tokiko merkataritza, ostalaritza eta gastronomia ere».
Orain arte uztartze jardunaldiak bisitariak eta inguruko udalerrietako biztanleak erakartzeko amua direla azaldu du: «Ez zuten helburu ekonomiko bat betetzen, Hondarribia bisitatzen zuen jendearen eta inguruan bizi direnen atentzioa ematea zen helburua. Bertan jarraitzen genuela, eta askotariko proposamenak egiten ari ginela argi eta garbi uztea zen kontua, hotelak eta tabernak zabalik zeudela, eta hiria disfrutatzera etor zitekeela».
Bestelako egoera
COVID-19 gaitza eguneroko eszenatokian agertu zenetik oso bestelakoa da ostalarien egoera. Hori dela eta, udalerri mugakideetako [Irun, Pasaia eta Lezo] herritarrak gerturatzera gonbidatu ditu Aierbek, Hondarribiko ostalaritzaren «publiko objektiboaren» parte ere direlako haren esanetan. Hala ere, arduradunak onartu duenez,komunikabideetan esaten denarekin etxean geratzeko joera handitzen ari dela dirudi: «Noski, ezin ahaztu zer nolako zailtasun ekonomikoak bizi dituen gizartearen parte handi batek, aldi baterako erregulazio txostenen edo langabezian geratu izanaren ondorioz».
Neurri murriztaileei dagokienez, horiek betetzearen aldekoak direla berretsi du Aierbek, arauen oinarrian «ikerketa lanak» eta «erantzukizuna» daudelako, eta egoerak hobera egitea dutelako xede. Baina era berean, sektoreren baten itxiera ezinbestekoa aurreikusiko balitz, ondorio negatiboak arintzen laguntzeko neurriak defendatuko dituztela adierazi du.
Hori horrela, etorkizun hurbilera begira aurreikuspenik egitea «oso zaila» dela iritzi dio elkarteko arduradunak: «Kanpo elementuak asko dira, eta inposizio bidez iristen dira guregana, beraz, ezinezkoa da horiek maneiatzea. Itxoitea beste aukerarik ez dugu. Lehenago edo geroago normaltasunera iritsiko gara, eta bitartean, norberak bere baliabideekin gurutzatu beharko du basamortua».
Errioxatik harago
Hondarribiko XVII. Uztartze Jardunaldiak atzo hasi ziren Badia tabernan. Zero kilometroaren aldeko apustua zela atzokoa azaldu du Aierbek, «bertakoa, etxekoa», nahiz eta beste hainbat sukaldarik abangoardismoa edo sukalde garaikidea lantzen duten. Hala, etxekoaz eta gertukoaz harago eskaintza zabal bat dagoela agerian utzi nahi izan du arduradunak, ez soilik jakietan, ezkontzeko ardoetan baizik. Izan ere, jardunaldietan probatzeko aukera egongo diren Nafarroako, Errioxako eta Ribera Del Dueroko sor-marka klasikoez gain, Ribera Sacra (Galizia), Frantzia, edota Extremadurako (Espainia) ardo «ezin hobeak» ere uztartu ahal izango dituzte parte hartzaileek.
Hasi berri diren Hondarribiko XVII. Uztartze Jardunaldiak hil honen bukaerara arte luzatuko dira. Saioen prezioen eskaintza poltsiko guztien neurrira egokituta dagoela ere nabarmendu du Aierbek; zehazki, 28 eurotik 75 eurora bitartekoa da. Eta bereziki, segurua izango da. Osasun neurri guztiak bermatuko dira, hortaz, interesdunek egin beharreko lehen urratsa, erreserba egiteko telefonoz deitzea da.
«Herriko jendez beteta zegoen plaza, benetan eskertzekoa da»
Alde Zaharreko Badia tabernako sukaldaria eta nagusia da Amaia Urdangarin. Aurten zabaldu ditu ateak ostatuak, osasun krisiak eztanda egin zuenean proiektuan buru-belarri murgilduta baitzegoen. Sektoreak bizitako garairik onenak ez diren arren, aurrera egiteko indar adina agerian utzi du sukaldariak.
Zer eskaini du lehen uztartze saioak?
Gu ez gara jatetxe bat, taberna bat gara eta hori defendatzea gustatzen zait. Gure karta jendeari erakustea gustatzen zait, mokaduak jaten joateko modukoa delako. Eskaini duguna da, errazioekin, eta ahal den neurrian eta garaian garaiko bertako produktuekin, zein gure ardoekin diseinatutako menu txiki bat.
Aipatu duzu taberna kontzeptua defendatzea gustuko duzula, zergatik?
Ni sukaldaria naiz, beti egon naiz sukaldean lanean, nire gurasoak ere sukaldariak izan dira, beti izan dugu jatetxea eta taberna. Lokal honek hau egiteko inspirazioa eman didala uste dut. Lokal hau ikusi nuenean, barra txikia ikusi nuen, mahai txikiekin, eta inspiratu ninduen horretan taberna bat jartzera, ez jatetxe bat. Gero, Alde Zaharreko giroa beti iruditu zait tabernaz taberna ibiltzekoa dela, txikiteroa. Beharbada nire adinak ere zerikusia dauka horretan, eta giro hori, tabernan sortzen den harreman hori polita iruditzen zait. Are gehiago, uste dut bazkaldu edo afaldu daitekeela taberna batean, barra batean, mahai txiki batean, zerbitzariarekin hitz egiten duzun bitartean edo auzokoekin. Erlaxatuagoa, informalagoa da. Alde Zaharrean asko eramaten da hori, eta horrelako lokalak egotea eskertzen da.
Nire aldetik, eroso sentitzen naiz horrekin. Jatetxeak ere gustatzen zaizkit, jendea mahaietan egotea eta zerbitzatzea, produktuak azaltzea. Baina uste dut hori barran ere egin daitekeela, informazioa berdin helaraziko diet zutik egonda, mahai batean edo barran eserita bazaude ere.
Bi aste barru bigarren uztartze jardunaldia eskainiko duzue.
Bai, bi asterako eman dugu izena. Asmoa hori da, baina egoera honekin ez dakigu zer gertatuko den. Izena ematen zutenen zerrenda ikusi nuenean egun baterako egin zutela ikusi nuen, nik ez nuen ikusten arazorik bi egunetan eskaintzeko. Azaroan gaude, taberna ez da jendez beteko, eta lekua izango dut. Nik, egia esan, ez dut langile gehiagorik behar horretarako, ezta antolakuntza konplexurik ere hori eskaini ahal izateko. Beraz, dudanarekin egin dezakedanez, bitan egingo dut.
Pasaiako, Lezoko eta Irungo herritarrei ere deia egin zaie Hondarribira etor daitezen.
Zerbait esan nahiko nuke. Oso ondo iruditzen zait informazio hori ematea, baina zalantza sortzen dit. Izan ere, informazioa eman behar zaio jendeari jakin dezaten etor daitezkeela mugakideak baldin badira, baina uste dut herri horietako tabernek eta jatetxeek nahiko dutela herritarrak han gelditzea. Ni oso eskertuta nago asteburu honetan hemen ikusi dudanarekin. Herriko jendez beteta zegoen plaza, eta benetan eskertzekoa da. Oraintxe bertan, sostengu oso garrantzitsua da hori guretzako.
Tokian tokikoan kontsumitzearen inguruan kontzientzia piztea ezinbestekoa da?
Ez dut inor tabernetan kontsumitzera behartuko; bakoitzak bere lehentasunak eta nahiak ditu. Negozio bat ireki dut onartu dudan arriskua hartuta. Eskertzekoa dela jendea etortzea? Bai, noski, eskertzekoa eta polita da. Gainera, tabernetan eta terrazetan sortzen den giro hori ederra da. Baina ez dut inor konpromisoa hartzera behartu nahi. Hala ere, jakin badakit jendea kontzientziatua dagoela. Baditut bezero batzuk hasi direla erreserbak egiten nahi dutelako nolabait lagundu, ahal duten moduan. Hori oso polita da.
Nolakoa da egoera momentu honetan Hondarribian?
Osasun krisia nabaritzen da, bai. Badakigu Hondarribia asteburuetan bisitariz betetzen dela, urte osoan zehar esango nuke. Herrian badaude zenbait kale beste batzuk baino gehiago nabaritu dutenak bisitarien beherakada hori, eta pena handia ematen dit. Hala ere, norberak bere negozioaren bidea aukeratzen du edo moldatzen du, ez badu besterik. Egia da Alde Zaharreko jende asko auzoan bertan gelditzen dela. Asteburuetako lana nabarmen jaitsi da, udazkenean gaude eta ez udan, baina bai esan behar dut Badiara auzoko eta herriko jendea etortzen dela, baita Hendaiako jendea ere. Azken horiek bizilagunak dira, ez turistak ezta bisitariak ere, lagunak baizik. Taberna honen izena Badia da, gu badia batean bizi garelako, eta helburua hori adieraztea izan zen. Elkartzen gaitu badiak, nahiz eta batzuk hizkuntza batean edo bestean hitz egin. Bizilagunak gara denak, eta uneotan, Hendaiako jendea ezin da hona etorri.