Plaiaundiko kirol instalazioen lekualdaketa «errealitatetik gero eta gertuago» dagoela dio EAJk
HAPOaren aldaketa puntuala formulatzeko dokumentua sinatu du gobernuak, beraz, «oso urrun ez dagoen denbora tarte batean» Txenpereneako kirol instalakuntza berriak errealitate bihurtuko direla uste dute jeltzaleek.
Plaiaundiko kirol instalakuntzen lekualdaketa gero eta gertuago dago. Gaur bertan jakinarazi du Irungo EAJ taldeak HAPOaren aldaketa puntuala formulatzeko dokumentua sinatu duela gobernuak, beraz, «oso urrun ez dagoen denbora tarte batean» Txenpereneako kirol instalakuntza berriak errealitate bihurtuko dira. Dokumentu honek 159.000 metro koadro urbanizagarrietan egingo duten antolamendua proposatu eta jasotzen du: Oinaurre, Lapitze eta Larreaundi arteko hiri garapena, kirol instalazio berriak, bide berriak, berdeguneak eta hainbat ekipamendu.
2018an, EAJk, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk (gehiengoak) instalazioak Txenpereneara eramateko mozio bat erregistratu zuten, «kokaleku ezin hobea zela defendatuz». Bada, aldeko 13 botorekin, aurrera atera zen proposamena. «Irunen hobe bat lortu ahal izateko eta proiektu garrantzitsuak aurrera ateratzeko, argi geratu da interes alderdikoiak alde batera utzi behar direla», esan du gaur Xabier Iridoy bozeramaileak.
Udal teknikariek dagoeneko antolamendu bat landu dutela diote EAJ taldekoek. «Antolamendu horrek kirol gune zabal eta handi berri bat proposatzen du, eta bere garaian erabiltzaileek zein kirol klubek azaldu zituzten beharrak islatzen ditu ere; aldagelak, harmaila estaliak, aparkaleku plazak…», erantsi du jeltzaleak.
Egun gutxi barru Plangintzako Aholku Batzordea bilduko da, eta bertan zehatzago azalduko dute proiektua.