Irungo ostalariak kalera aterako dira bihar, azken neurriak salatzeko
Atzo Eusko Jaurlaritzak jakinarazitako neurriekin kezkati bezain haserre agertu dira hiriko ostalariak. Egoera salatzeko elkarretaratzea egingo dute San Juan plazan.
Irungo Ostalariek bat egin dute Euskal Herri mailako SOS Ostalaritza mugimenduarekin, eta mobilizazioa iragarri dute biharko. Atzo (hila 5) Iñigo Urkullu lehendakariak jakinarazitako neurriekin kezkati bezain haserre agertu dira hiriko tabernariak, eta egoera salatzeko kalera aterako dira. Elkarretaratzea egingo dute, 17:30ean, San Juan plazan. Gaur bertan aurkeztu dute biharkoa.
«Egoera oso larria da. Tamalez, atzo bertan bihar tabernak itxi beharko ditugula jakin genuen. Hiriko ia ostalari guztiek egin dugu bat borroka honetan, denak batera goaz», esan du Eneko Mitxelena ostalariak gaur. Irundar guztiei dei egiten diete biharkoan parte hartzera. «Aupa Irun!» oihu batekin amaitu du agerraldia Mitxelenak.
17:30ean elkartuko dira.