Elkarretaratzea egingo du bihar Sortuk, «eraldaketa ekonomiko eta sozialaren alde»
12:00etan elkartuko dira San Juan plazan. Beldurrari aurre egin eta ezkerraren diskurtso eta praktika «indarrez berreskuratzeko» unea dela uste dute.
Irungo Sortuk elkarretaratzea antolatu du biharko (hilak 7) San Juan plazan. COVID-19ak eragindako krisiari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak zein Espainiako Gobernuak nahikoa inbertitu ez dutela salatuko dute, besteak beste. Non dago diru publikoa? lelopean elkartuko dira. «Ezjakintasuna, ziurgabetasuna, kezka, desanimoa, beldurra, etsipena, noraeza eta abar luze bat areagotzen ari da gure inguruan. Egoera eta otzantasun horretan pandemia eta krisiaren zama beste behin herritarron eta langileon bizkar gainean jarri nahi digute, beti Kapitalaren mesedetan. Baina errua ez da jendearena, arduragabekeria gobernuena da. Aski da», esan dute biharko mobilizazioa iragartzeko hedabideei bidalitako oharrean.
Beldurrari aurre egin eta ezkerraren diskurtso eta praktika «indarrez berreskuratzeko» unea dela uste dute Sortuko kideek, eta horregatik, «argudioekin, taktikarekin eta segurtasun eta zuhurtzia osoz» mobilizatzeko premia nabarmendu dute. «Kalera ateratzeko unea da», erantsi dute.
Amaitzeko, elkar zaintzeko eta arduraz jokatzeko deia egin diete herritarrei, eta «inbertsio publikoen alde, laguntza sozialen alde eta funtsean, eraldaketa ekonomiko eta sozialaren alde eta burujabetzaren alde mobilizatzera» deitu dituzte.
Biharko elkarretaratzea 12:00etan izango da, eta herritar orori luzatu diote bertaratzeko gonbita. Elkarretaratze berbera Euskal Herriko beste herri askotan errepikatuko du Sortuk.