COVID-19ari aurre egiteko 6 milioi euro estra inbertitu ditu udalak
Santano alkateak pandemiari aurre egiteko hartutako neurrien gaineko balorazioa egin du gaur. Ohiko inbertsiotik harago 6.200.000 euro bideratu dituzte.
Irungo alkate Jose Antonio Santanok COVID-19ari aurre egiteko orain arte hartutako neurrien gaineko balorazioa egin du. Gaur goizean bildu da Covid Batzarrarekin, atzo bertan Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri berriak aztertzeko. Bilkuraren ostean, hedabideekin bildu da, pandemia hasi zenetik gaur arte egindako inbertsioaren gaineko datuak emateko.
Ohiko inbertsioaz gain, COVID-19ak eragindako krisiari aurre egiteko beste 6.200.000 euro inbertitu dituztela azaldu du gaur Santanok (1.600.000 euro enpresa txiki eta ertainentzat eta autonomoentzat, 1.440.000 euro familientzako subentzioetan, 1.100.000 euro garraio publiko eta kiroldegietarako eta 451.000 euro laguntza berezietarako). «Esfortzu ekonomiko oso garrantzitsua egin dugu, baina ez bakarrik ekonomikoa. Udalaren estrukturaren eta funtzionamenduaren erabateko birmoldaketa bat izan da. Sortu diren beharrekin sentikor eta biziak izan gara», esan du alkateak.
Halere, alkateak gogoratu du inbertsio honekin diru asko ingresatu gabe geratuko dela. Beraz, inpaktu ekonomikoa uste baino handiagoa izango dela.