Euskara departamentuak Bordari eta Satarka lehiaketak ezabatu dituela dio Abotsanitzek
Udal taldeak publiko egindako salaketaren arabera, "Maria Serranok zuzentzen duen departamentuak inorekin kontsultatu gabe hartu du erabakia".
Bordari eta Satarka olerki eta ipuin lehiaketak, hurrenez hurren, ez deitzea eta beraz, bertan behera utzi dituela Hondarribiko Udaleko Euskara departamentuak salatu du Abotsanitz Herri Batzarrak. Udal taldearen arabera, “Maria Serranok zuzentzen duen departamentuak inorekin kontsultatu gabe hartu du erabakia. Ez epaimahaia osatu izan dutenekin, ez gainontzeko udal taldeekin, ezta Kultura departamentuarekin ere”.
Erabakia “oso larritzat” jo du udal taldeak, haien ustetan, ez baitago horretarako “arrazoirik”. Areago, Txomin Sagarzazu alkateak erabakiaren kontra ezer egin ez izana ere “deigarria” irudi zaie alderdikideei, “kontuan izanik urte askotan departamentu horren arduradun izandakoa dela, baita epaile lanetan aritua ere”.
Hori horrela, “bereziki minduta daude” Abotsanitzeko kideak, Hondarribian euskararen erabilerak duen beheranzko bilakaera kontuan izanik, “gure hizkuntza eta kultura gazteen artean sustatzeko tresna oso baliagarria delako Bordari-Satarka deialdia”.
1984an antolatu zituen lehen aldiz Hondarribiko Udalak Bordari eta Satarka literatur lehiaketak. Besteak beste, Xabier Mendiguren Elizegi, Fernando Morillo, Aritz Gorrotxategi, edota Alaia Martin bertsolaria daude palmaresean.