Garaipen historikoa eskuratu du Bidasoak
Etxetik kanpo eskuratzen duten inoizko garaipenik handiena lortu dute Liberbamk Cantabria Sinfin-en kontra. 18 goleko abantailarekin irabazi dute.
Bidasoa eskubaloi taldeak Asobal ligako etxetik kanpoko partida batean inoiz eskuratzen duen abantailarik handiena lortu zuen larunbatean, Liberbank Cantabria Sinfin taldearen aurka. 16-34 irabazi zuten neurketa, 18 goleko abantailarekin, beraz, errekor berria irundarrentzat. Azken abantailarik handiena 2018-2019 denboraldian izan zen, Bada Huesca 19-34 gailendu ostean (15 gol).
Partida hasieratik erakustaldia eskaini zuten Bidasoako jokalariek, defentsan zein erasoan. Esaterako, partidako 13 minutu igaro zituzten golik jaso gabe, eta erasoan etengabe jipoitzen. Kauldi Odriozola eta Donat Bartok izan dira goleatzailerik gorenak, sei eskuratu ditu bakoitzak.
Asobalen jokatutako zazpi partidetatik zazpi irabazi ditu Bidasoak. Azken garaipen honekin, bigarren postuan sailkatu dira, 14 punturekin. Sierra atezaina ere oso fin aritu zen, jaurtiketen %49a gelditu zituen. Orain atsedena izango dute asteburuan, baina Asobal liga hilaren 11an itzuliko da, Benidormen.
Fitxa teknikoa: 34 – Bidasoa Irun (17+17): Sierra, Racotea (3, 1 p.), Zabala (1), Kauldi (6), Aginagalde, Salinas (5), De la Salud (1); Ledo, Cavero (1), Furundarena (2), Serrano (4), Azkue (2, 1 p.), Tesoriere, Da Silva (2), Bartók (6), Bonanno (1)