Ekintzaletza eta lehiakortasuna bultzatzeko diru-laguntzak abiatu ditu udalak
Hondarribia Abian planaren baitan kokatutako iniziatibak ekintzailetzaren sustapena eta merkataritza zein zerbitzuen modernizazioa bultzatzea du xede.
Zerbitzuen eta merkataritzaren modernizazioa bultzatzeko eta ekintziletza sustatzeko diru-laguntzak abiatu ditu Hondarribiko Udalak. Lehiakortasuna areagotzea da deialdiaren helburua, eta 60.000 euroko diru-saila bideratuko dute horretara, Txomin Sagarzazu alkateak eta Maria Serrano Sustapen Ekonomiko, Merkataritza eta Turismo zinegotziak ostiralean jakinarazi zutenez.
Hondarribia Abian planaren barruan kokatu dute udal hautetsiek deialdia. Sagarzazuk emandako azalpenen arabera, Hondarribiaren “garapen sozioekonomikoa” indartzeaz gain, enplegagarritasuna hobetu, enpresen sorkuntza babestu, lehiakortasuna handitu eta bertako proiektu estrategikoak sustatu nahi ditu era horretan tokiko gobernuak.
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratu ondotik zabalduko du udalak eskaera epea.