Ohiko plenoak utzitako ezohiko argazkia (II)
Osoko bilkura telematikoa egin zuen atzo lehen aldiz Hondarribiko Udalbatzak. Hartutako erabakien artean daude, besteak beste: zenbait hobari aplikatzea, euskara lan hizkuntza gisa garatzea, eta Lesbosko errefuxiatuei laguntza ematea.
[Jarraipena] Udal idazkariaren interbentzioa ezinbestekoa izan zen gaia argitzeko: “Plenora ekartzen diren gaiak bere osotasunean egon behar dute, eta zinegotziak egon ala ez egon batzordean, informazioa eskura izan behar dute”. Berme falta ikusirik, alkateak 30 minutuko etenaldia egin zuen, eta azkenean, hamargarren eta hamaikagarren puntuak erretiratu behar izan zituen EAJren udal taldeak.
Tokiko gobernuak gaur bidalitako oharrean dioenez, “datorren astean egingo den plenora” eramango ditu proposamen horiek EAJk.
Gainontzeko erabakiak
Tentsioak tentsio, aurrera egin zuen azkenean osoko bilkurak. Hurrengo puntua Españolas de Salazon enpresak HAPOaren aurka jarritako helegitearen eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Justizia Auzitegi Nagusiak horren alde kaleratutako 316/2020 epaiaren kontrako kasazio-errekurtsoa jartzea onartu zuen EAJk gehiengoa baliatuta, eta gainontzeko udal taldeen babesik gabe.
Ama Guadalupekoa Judo Taldeari eta Musika Eskolari emandako diru-laguntzak handitzea ere onetsi zuten hautetsiek, bi kasuetan, EH Bilduren abstentzioarekin.
Mozioak
Eguneko gai ordenak zehaztutakoaren arabera, mozioen txanda iritsi zen ondoren. Lehenik eta behin, Abotsanitzek informazio eskubidearen inguruan aurkeztutako mozioa aurkeztu zuen Enparanek. Osoko zuzenketa aurkeztu zuen EAJk, eta azken hori izan zen azkenean onartutakoa. Horren arabera, “jarraibide sorta” prestatuko du Udal Idazkaritzak, eta ondoren, udal taldeekin partekatuko da.
Jarraian, PSE-EEren udal taldeak etxebizitza sozietate publikoa eratzeko mozioa aho batez onartu zuten. Eta ondoren, EH Bilduk euskara udalaren lan hizkuntza izan dadin aurkeztutako proposamenari heldu zioten hautetsiek. Aldez aurretik adostuta zegoen mozioa EAJrekin, eta lan esparruan euskararen erabileran aurrera urratsak jasotzen ditu akordioak. Abotsanitzek proposamena babestu zuen, eta abstentzioa izan zen, bestalde, talde sozialistaren hautua. Bozketa honen ondoren mikrofonoa ixteaz ahaztu zen zinegotziren bat barrez lehertu zen.
Abotsanitzek iragarri bezala, Lesbosko (Grezia) errefuxiatuei Zaporeak gobernuz kanpoko erakundearen (GKE) bitartez laguntza emateko mozioa ere talde jeltzalearekin adostua izan zen, eta aho batez aurrera egin zuen. Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak azaldu zuenez, Abotsanitzek aurkeztutako testuari ñabardura bat erantsi zion: Zaporeak GKEak Lesbosen abian duen proiektu solidarioa modu egokienean laguntzea.
Azkenik, EH Bilduk, EAJrekin aldez aurretik adostuta, 2019-2023 Agintaldi Planari buruzko mozioa aho batez onartu zuen udalbatzak. Plana publiko egitea, pertsonalari eta kontratazioari buruzko hitzarmena aurkeztea hori adostu ahal izateko, eta udal langileen zerrenda eguneratzea eta lanpostuak betetzeko lan eskaintza deitzea jasotzen du testuak.
Aipatutako guztiaz gain, zergen jaitsieraren inguruan Abotsanitzek egindako proposamenak, eta PSE-EEk obra lizentziei %50eko hobaria aplikatzeko eskariak ez zuten aurrera egitea lortu.
Hainbat erregu eta galdera jaso ziren bost orduko bilkurari bukaera eman aurretik, hala nola: Santa Maria Magdalenako eskailera mekanikoetako konponketa eta bertako errotulazioak gaztelera hutsez egotearen inguruan; pandemiaren eboluzioaren aurrean udal gobernuak diseinatutako ekintza planari buruz…