"Apustu estrategiko argia" eskatu die EH Bilduk Jaurlaritzari eta udal gobernuari
Azken neurri murriztaileak ezagutarazi ondotik, tokiko merkataritza, ostalaritza eta kulturaren sektoreen gaineko kezka agertu du koalizio abertzaleak.
Koronabirusaren hedapena geldiarazteko indarrean sartutako neurriek gehien kaltetzen dituzten sektoreen inguruko kezka adierazi du Irungo EH Bilduren udal taldeak. Egoerari aurre egiteko, tokiko merkataritza, ostalaritza, eta kulturaren sektoreen aldeko “apustu estrategiko argia” galdegin die Eusko Jaurlaritzari zein Irungo PSE-EEren udal gobernuari, “diru-laguntza zuzenak eta epe luzerako plangintza sakona uztartuz”.
Era berean, “beharrezko politika publikoak” martxan jarri ahal izateko, eragile ezberdinekin biltzea eta haien kezkak gertutik entzutea ezinbestekoa iritzi dio koalizio subiranistak.
Hori horrela, tokiko merkataritzaren alde egitea erabakiz gero, Zaldunborda bezalako makroproiektuak alboratzea ezinbestekoa ikusten dute taldekideek. Kulturaren kasuan, eragileekin batera “bide eta formatu berriak bilatzeko una da”, EH Bilduren iritziz. Eta ostalaritzari dagokionez, sektorea laguntzeko proposamen zehatza aurkeztu zuela koalizio abertzaleak gogoratu dute.
Azkenik, Europako diru-funtsak udaletara iristea beharrezkotzat jo du udal alderdiak, eta ez liratekeela “enpresa handien eta makroproiektuen beharrak asetzeko bideratu beharko” erantsi du.