Jaurlaritzaren zehaztapena: ondoko herriko kultur ekitaldietara eta jatetxetara joan daiteke
Hondarribiar batek, adibidez, Irun, Lezo edo Pasaiako jatetxe edo kultur ekitaldi batera joateko aukera du, herri mugakideak direlako.
Eusko Jaurlaritzak argitu du, COVID-19aren zabalpenaren gainean astelehenean ezarritako neurrien harira, herritarrek ondoko herrietako edo mugakide diren udalerrietako jatetxeetara eta kultur ekitaldietara joan ahal izango dutela. Horiek “jarduera sozio-ekonomikoen” barruan daudela zehaztu du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak. Nahasmena zegoen gaiaren gainean, asteleheneko dekretuan ez zegoelako garbi adierazia “jarduera sozio-ekonomikoen” atalean zer sartzen zen.
Beraz, hondarribiar batek adibidez, Irungo, Pasaiako eta Lezoko jatetxe eta kultur ekitaldietara joateko aukera izango du; azken hauetan sarrera soinean eramatea komeni da, Ertzaintzak edo udaltzainek eskatuko balute erakusteko. Alderantziz ere: Pasaia, Lezo eta Irungo biztanleek Hondarribiko jatetxe eta kultur ekitaldietara joateko aukera izango dute. Irunen berdin: mugakide dituen heri guztietan egin daitezke jarduera horiek.
Beheko zerrendan, Hondarribirekin eta Irunekin mugakide diren udalerriak, Gipuzkoan.
- Hondarribiaren mugakide diren herriak: Irun, Lezo eta Pasaia.
- Irunen mugakide diren herriak: Hondarribia, Oiartzun eta Lezo.