Aurtengo Uhinak kongresua, etxetik
Klima Aldaketari eta Itsasertzari buruzko Kongresua Ficoban egingo dute, bertan elkartuko dira 150etik gora aditu. Halere, bisitariek online bidez jarraitu beharko dute, etxetik.
Ficoba telebistako plato itxura hartuko du datorren azaroaren 4 eta 5ean. Izan ere, handik, streaming bidez, Klima Aldaketari eta Itsasertzari buruzko Uhinak Kongresuaren laugarren edizioa emango dute. Osasun egoeragatik formatua birplanteatu behar izan dute antolatzaileek, eta etxetik jarraitzeko erabakia hartu dute. Hala, 150 aditu baino gehiago izango dira Ficoban. Bisitariak aldiz, ez dira etxeko sofatik mugituko.
Ficoban izango da eztabaida nagusia, diziplina askotarikoa gainera. Klima aldaketaren kontrako zein neurri hartu behar diren ikertuko dute adituek, eta komunitate zientifiko eta teknologikoak horri aurre egiteko zer nolako ekarpenak egin ditzaketen.
Hamaika mintegi eta 40 txosten baino gehiago izango dira aurtengo edizioan, lau bloketan banatuta: klima larrialdiaren erronkak gure itsasertzean 2050erako, kostaldeko muturreko fenomenoetara egokitzeko neurriak, klima aldaketa arintzeko neurriak eta karbono urdin delakoa, eta gobernantza globala kudeaketa tresna gisa.
Uhinak, Ficobak eta Azti zentro teknologikoak antolatzen dute Uhinak kongresua, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren, aldundiaren, Communaute d´agglomeration Pays Basque-n edo Adegi-ren babesarekin.