«Kutsatze berrien egoera kezkagarriaren aurrean», mobilizazioak etengo dituzte pentsiodunek
Urteko azken elkarretaratzea egin zuten atzo dozenaka pentsiodunek San Juan plazan. «Beti erakutsi dugun erantzukizunarekin, osasun agintarien gomendioak onartzen ditugu».
Eskualdeko pentsiodunek gelditzea erabaki dute, COVID-19ak azken asteotan izan duen hedapena dela eta. «Kutsatze berrien egoera kezkagarriaren aurrean», asteleheneroko elkarretaratzeak bertan behera uztea erabaki dute. Hala jakinarazi zuten atzoko mobilizazioan, urteko azkena izan dena.
«Oso une gogorrak bizitzen ari gara. Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduan beti erakutsi dugun erantzukizunarekin, osasun agintarien gomendioak onartzen ditugu, eta astelehenerako kontzentrazioak bertan behera uzten ditugu berriro abisatu arte», iragarri dute gaur San Juan plazan.
Egoera zaila izan arren, pentsiodunek argi utzi dute haien ahotsa entzuten jarraituko dela, etxetik bada ere. «Gobernuan dagoena edozein dela ere, pentsio publikoak mantendu behar dira», esaldiarekin amaitu dute urteko azken mobilizazioa.