Euskal presoen egoera arintzen laguntzera deitu du sostengu taldeak
Hilero bost euroko kuota proposatu die elkartasun taldeak herritarrei; Urko Labeagaren asignazioaz gain, beste hainbat laguntza bermatu nahi dituzte era horretan.
Euskal presoen eta haien senideen egoera ekonomikoa arintzen laguntzeko deialdi berri bat egin du Hondarribiko sostengu taldeak. Hilero 5 euroko kuota jartzea proposatu die kolektiboak herritarrei. Urko Labeagaren asignazioaz gain, beste hainbat laguntza bermatuko lituzke taldeak era horretan Etxerat elkartearen bitartez, hala nola: mediku asistentzia, laguntza psikologikoa eta juridikoa, senideei babesa, Mirentxin zerbitzuko ibilgailuen erosketa..
Osasun larrialdi egoera dela-eta diru-bilketak egin ohi diren ekitaldi guztiak bertan behera geratu direla gogorarazi dute taldekideek, eta beraz, “sostengu ekonomikoa lortu ahal izateko zailtasun handiak” dituztela onartu dute. Egoerari aurre egin ahal izateko, berrehun preso-lagun lortzeko erronka proposatu dute, hilero, 1.000 euroko laguntza bildu ahal izateko.
Hala, garai “zailak” bizi arren, elkartasunera deitu dituzte herritarrak, eta ondoko kontu korrontea utzi dute interesdunen eskura: Laboral Kutxa ES10 3035 0049 04 0491070278.