Bizigune programan daudenentzako diru-laguntzak abiatu ditu udalak
Bi diru-laguntza mota aurreikusi dituzte: bata, alokairuaren prezioa osatzera bideratutakoa, eta bestea, etxebizitza egokitu izanagatik ordaindutako gastuaren zati bat estaltzera zuzendutakoa.
Hondarribian etxebizitza hutsak Bizigune programaren bitartez alokairuan jarri dituztenei zuzendutako diru-laguntzak martxan jarri ditu Hondarribiko Udalak, Maria Serrano Ekonomia, Merkataritza eta Turismo Sustapenerako arduradunak jakinarazi duenez. Azaroaren 21era bitartean egin ahal izango dute etxebizitzetako jabeek diru-laguntza eskaera.
Deialdia 2019an zehar Bizigune programan parte hartu zutenei zuzenduta dago. Bi diru-laguntza mota aurreikusi ditu udalak: batetik, 200 euroko diru-laguntza etxebizitza alokatua egon den hilabete bakoitzeko, eta bestetik, etxebizitza alokairuan jarri ahal izateko egindako egokitzapen lanen %50a estaltzera bideratutakoa, 2.000 eurora arte gehienez. 44.000 euroko diru-saila prestatu du tokiko gobernuak lehenari aurre egiteko, eta 16.000 eurokoa, bigarrenerako.
Hori horrela, Bizigune programara atxikitzeko epea beti zabalik dagoela gogorarazi du hautetsiak, eta “Hondarribian etxe huts bat duen edonork” parte har dezakeela erantsi du. Ildo horretan, programak parte hartze txikia duela adierazi du Serranok, eta azken ekitaldian zortzi bat etxebizitza zeudela izena emanda azaldu du. Hori dela eta, “indar gehiago” jartzeko beharra nabarmendu du agintariak. Azken diru-laguntza deialdia 2016an egin zuen udalak.
Hondarribian dauden etxebizitza hutsen kopuruaren inguruan galdetuta, Ikei ikerketa eta aholkularitza zentroak 2018an egindako txostena hizpide izan du Serranok. Horren arabera, 1.481 etxebizitza huts daude udalerrian, etxebizitza guztien %17,5 zehazki. Hala ere, dokumentuak zehazten duenez, zenbaketa egiteko aintzat hartutako parametroa izan da, urtarrilaren 1eko erroldak zioena. Alegia, inor erroldatuta ez duten etxebizitzek osatzen dute zerrenda, eta beraz, ezinezkoa da jakitea urte osoan zehar hutsak dauden edo opor garaian erabili ohi diren.