Stradivarius denda langileei «berkokatze proposamenik eta indemnizaziorik eskaini gabe» itxiko dutela salatu dute
ELAk gaur salatu duenez, langileei oraindik ez diete inolako proposamenik helarazi. Momentuz, bertako bederatzi langileek kolokan dute euren postua.
Irungo Stradivarius dendako langileek mobilizazioa egin dute gaur eguerdian, ELA sindikatuak deituta. Datorren azaroaren 28an denda itxiko dutela salatu dute, eta erabaki horren aurrean oraindik ez dutela «inongo proposamenik jaso, ez berkokatze proposamenik, ez eta indemnizaziorik ere». Beraz, egun bertan lanean aritzen diren bederatzi lagunek kolokan dute euren lanpostua.
Itxiera Inditex taldearen erabaki batetik datorrela salatu du ELAk, etorkizunari begira denda txikiak ixteko asmoa dutela. «Online salmenta sustatu nahi dute bereziki, horrek dakarren denda txikien itxierarekin», esan du Idoia Altuna ELAko ordezkariak.
Berriro lanpostua emateko enpresak hartutako erabaki bakarra astean gehienez 24 orduko jardunaldiak eskaintzea dela diote amorruz, «enpresak langileen erdiak baino gehiagok euren jardunaldiak erdira murriztera edo alde egitera derrigortu» nahi dituela alegia. «Enpresatik bidali diguten mezua honakoa izan da: nork nahi du alde egin? Murrizketa hori proposatu digute bakarrik, indemnizaziorik jaso gabe», erantsi du amorruz ELAko ordezkariak.
Gainera, Inditex-eko kontseilari Pablo Isaren arabera, 1.000-2.000 denda itxiko dituzte mundu mailan, baina hasieratik langileek euren postua %100ean bermatua izango zutela jakinarazi zuen. «Bada… zertan geratu da konpromiso hau? Lan postu berririk ez al da sortuko? Agian, munduko 5. pertsonarik aberatsenak ezin ditu berkokatze hauek bere gain hartu?», erantsi dute ELAko ordezkariek gaurko mobilizazioan.