COVID-19: Jaurlaritzak neurri gehiago ezarriko ditu gaur
Espainiako Gobernuak atzo alarma egoera ezarri ondoren, hori EAEn nola egokitu aztertzen ari da Eusko Jaurlaritzako COVID-19aren jarraipenerako mahaia.
Espainiako Gobernuak atzo Espainiako Estatu osoan alarma egoera ezarri eta gero, gaur goizean Eusko Jaurlaritza esparru juridiko berria aztertzeko bildu da, 08:00etan hasi dute bilkura. 12:00etan, berriz, Bizi Berri Planaren Batzorde Aholkularia bilduko da; mahai hori egoera epidemiologikoa etengabe aztertzen ari dela gogorarazi dute, eta gaur, alarma egoera aldarrikatu ondoren, batzordeak neurri berriak jarriko ditu, beraz, mahai gainean.
Azken horretan hartutako erabakien berri arratsaldean emango du Eusko Jaurlaritzak. Ikusi beharko da erabakiek nola eragiten dieten Oarsoaldeko eta Bidasoko herriei, eta aldi berean aztertu beharko dute zonalde gorrian dauden herriei (azken 14 egunetan 100.000 biztanleko tasan 500dik gora infektatu dauzkatenak) zer nolako araudi berezia aplikatu.
Osteguneko datuen arabera, Pasaia eta Lezo daude eremu gorri horretan. Gaur emango dituzte datu gehiago. Aukera dago Errenteria-Orereta eta Irun eremu gorrira iristeko, 400dik gorako tasetan baitzeuden ostegunean.
Momentuz jakina dena da, araudi orokor bezala, 23:00etatik 06:00etara ezin duela inork kalean egon, etxeratzeko agindua dagoelako. Alarma egoera hori maiatzera arte luzatu nahi du Espainiako Gobernuak. Egoera horrek iraun bitartean, Jaurlaritzak eskumena du COVID-19aren garapenaren gaineko erabakiak hartzeko, hau da, atzo Espainiako Gobernuak ezarritako aginduak alda ditzake, eta berriak ezarri behar badira.