Zergen jaitsiera proposatuko du Abotsanitzek
Krisi ekonomikoaren eraginez KPIaren jaitsiera aurreikusi den moduan, zergak eta tasak adina murriztea proposatuko du udal taldeak.
Zergen jaitsiera proposatuko du Abotsanitz Herri Batzarrak datorren asteko osoko bilkuran. Hala jakinarazi du udal alderdiak komunikabideetara igorritako oharrean, eta bertan azaldutakoaren arabera, “atzeraldi ekonomikoaren eraginez KPIaren jaitsiera aurreikusi da. Hori horrela, udal zergak gutxienez KPIaren jaitsiera adina murriztea eskatuko du Abotsanitzek”.
Koronabirusak eragindako osasun eta ekonomia krisiaren aurrean, Hondarribiko Udalak “arduraz” jokatzeaz gain, “herritarrak babestu” behar dituela iritzi dio udal alderdiak. Ildo horretan, udalak pilatutako soberakina 55 milioi eurokoa dela gogorarazi die herritarrei.