Santano: «Egoera oso delikatu batean gaude, zifrak oso kezkagarriak dira»
COVID-19aren jarraipen batzordearekin bilduko da alkatea astelehenean, datozen asteei begira har daitezkeen neurriak zehazteko. Zonalde gorritik oso hurbil dago Irun, 100.000 biztanleko tasa 417,37raino iritsi da.
Irungo alkate Jose Antonio Santano herritarrei zuzendu berri da, koronabirusak azken asteotan izan duen bilakaerarekin kezkati azaldu baita. Birusaren hedapenari aurre egiteko garrantziaz aritu da, eta mezu zuzena bidali die irundarrei: erantzukizunez jokatzea. Izan ere, atzo, 31 positibo berri zenbatu zituzten Irunen; datuei erreparatuta, azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko tasa 417,37raino igo da. Zonalde gorria oso hurbil dago.
Egoera kezkagarriaren aurrean, datorren astelehenean (hilak 26) COVID-19aren jarraipen batzordearekin bilduko dela azaldu du Santanok, datorren asteari begira har daitezkeen neurriak zehazteko. «Egoera oso delikatu batean gaude, zifrak oso kezkagarriak dira. Debeku eta gomendioetatik harago, ohiko neurriak hartu behar dira uneoro: musukoa beti erabiltzea, eskuen garbiketa, distantziak, jende pilaketak ekiditea…», esan du alkateak. Etxeetan izaten diren bilkurekin ere tentuz ibiltzeko deia egin du.
Bidasoko Ospitalearekin etengabeko harremana duela erantsi du alkateak, eta Eusko Jaurlaritzak har ditzakeen neurriak ere gertutik jarraitzen ari dela udal gobernua.