[Elkarrizketa] «Gure arima, gorputza eta adimena, den-dena, da soinua»
Yoga, barne garapena eta soinua jorratzen ditu, besteak beste, piano jotzaile irundarrak. Arimak eta pentsamenduek sortutako bibrazioan oinarrituta, soinua da terapia saioen ardatz nagusia.
Hirugarren diskoa atera berri duzu Sonidos para el alma izenpean. Zer biltzen duzu lan honetan?
Aurreko diskoak eskoletan zegoen beharra ikusita egin nituen, haurrentzako meditazio gidatuak, erlaxatzeko hainbat musika pianoarekin… Oraingoan beste pauso bat eman dut, ausartu naiz, eta kontzertuetan egiten dudan lan hori pixka bat islatzen saiatu naiz. Kontzertuetan gertatzen dena beste gauza bat da, ez da bakarrik soinua, hor energia mugimendua dago eta bibrazioa, batez ere. Diskoan, hala ere, bibrazio hori galdu egiten da, adibidez.
Orain bizitzen ari garen momentu honek eman zidan gehienbat bultzada. Orain dela hilabete batzuk, konfinamenduan izan nuen behar hori, eta esan nuen: ‘Bizitzen ari garen momentua zaila da, beldurrez betetako mezuekin, haserrea, tristura…’. Emozio pila bat nahastu zitzaizkigun, eta momentu horretan izan nuen halako esperientzia bat meditazio batean, konturatu nintzen agian nik eskaintzeko zerbait neukala eta agian egoera pixka bat hobetzeko balio zuela.
Noski, errealitatea dagoena da, baina nik hori nola bizitzen dudan eta non kokatzen naizen da gakoa. Alegia, nire beldur, pentsamendu eta emozio horietan guztietan, ala nire zentroan, lasaitasunean, hortik abiatu eta nire gauzak egin. Azken finean, musika honen helburua hori da: hainbat soinu daude eta soinu horiek lortu nahi dutena da konexio bat sortzea pertsona horrekin, entzulearekin.
Aipatu dituzun emozio guztiak ezkorrak dira. Horiek kudeatzeko baliabide edo tresna bat izan daiteke?
Oraingoan ez dago meditazio gidaturik. Aurreko diskoa bai zegoela bideratuagoa emozioak lantzeko ariketetara. Beti esaten dut soinuak daukala gaitasun berezi bat. Hori beti transmititzen du soinuak, eta ez bakarrik soinuak, emailearen intentzioak baizik. Zer informazio dagoen hor pertsona bakoitzarentzat? Bada, ezberdina da. Batek agian bere barruko bakearekin konektatuko du; eta beste pertsona bati agian malkoak ateraraziko dizkio garbiketa bat gertatuz; eta agian beste batek ez du ezer sentituko.
Zergatik Sonidos para el alma [Arimarentzako soinuak] izenburua?
Nire kontzertuetan nik beste zerbaitekin konektatzen dut, ez dago bururik, gogorik. Nire arimari uzten diot etortzen diren kantak eta soinuak gertatzea, askatzea. Hori zuzen-zuzenean bestearengana doa. Konexio berezi bat dago.
Gure arimak musika, soinua, behar ditu?
Gure arima, gorputza eta adimena, den-dena, da soinua. Ez da soinua behar duela, soinua da. Dena da soinua bizitzan, dena dago bibrazio jakin batean. Kontua da bibrazio horiek desafinatzen direla batzuetan, bereziki pentsamendu ezkor eta emozio zail horiengatik, gorputza ez dugulako behar bezala zaintzen… Gure zelulak bibratzen daude, gure pentsamenduak bibrazio eta frekuentzia oso indartsuak dira gainera, emozioak ere, eta gure arima, horren gainetik dagoen beste frekuentzia mota bat da. Gero eta dentsoagoa frekuentzia, orduan eta nabarmenagoa da. Gorputz fisikoaren frekuentzia oso dentsoa da; gure arimarena, aldiz, oso sotila da. Horregatik ez dugu ikusten.
Orduan, musika beharrezkoa da? Musika da, dagoeneko bibratzen ari da. Kontua da zer nolako bibrazioa daukan, eta hor jokoan sartzen da erresonantzia legea. Demagun gitarra bateko soka bat jotzen dudala, ondoan dagoen gitarrak armonia horretan bertan ere bibratuko duela dio erresonantzia legeak. Soka bera ere mugituko zaio. Hau fisikaren lege bat da. Zer esan nahi du? Oso bibrazio altuan nire arimarekin konektatua baldin banago, naizen bake horrekin, ondokoak ere bibrazio berean bibratuko du, edo behintzat, bibrazio hori bera barruan erresonatzen hasiko zaio.
Noski, bestelako frekuentziekin ere gauza bera gertatuko da. Adibidez, nik beldurrean bibratzen baldin badut, ondokoak ere beldurrean bibratuko du.
Bibrazio horiek kudeatuz, emozioen kontrola izateko aukera dago?
Niri kontrol hitza ez zait gustatzen. Nik esango nuke eragina daukala, eragin zuzen-zuzena. Gainera, konturatu gabe eta etengabe besteak eragiten ditugu eta eragiten gaituzte. Kontua da kontzienteki egiten dugunean, intentzioak izugarrizko indarra jartzen diola. Egunero, kontzienteki bake bibrazioak emititzen baditut, maitasun bibrazioak, konfiantza bibrazioak, hori bestarengan eragiten ariko naiz.
Hemen garatzen dituzun terapietan soinua aplikatzen al duzu?
Denetan ez, baina ardatz nagusienetako bat da.
Eta edozein soinuk ez du balio, ezta?
Ez, terapia bakoitza ezberdina da. Adibidez, soinu masajeak ematen ditudanean, lehenengo, erradiestesiaren bitartez testatzen dut pertsona, eta horrek zer behar duen esaten dit, zein soinu mota, gorputzeko zein lekutan. Gero, nire arimari edo ez dakit zerri, momentua bereganatzen uzten diote eta horren arabera kantu batzuk edo beste batzuk ateratzen zaizkit.
Nola iritsi zara piano jotzaile izatetik honaino?
18 urterekin yoga egiten hasi nintzen. Momentu horretan piano jotzailea izatea erabaki nuen, eta musika kontserbatorioan sartu nintzen. Yoga egiten hasi nintzen bizkarreko mina nuelako, eta hori izan zen nire lehen kontaktua. Gerora jarraitu dut sekulako aurkikuntza izan zelako niretzako, ez bakarrik fisikoa lantzeko, baizik eta nire emozioak edo arnasketa kudeatzeko. Nire kontzentrazioa ere nabarmen igo zen.
Ikasketak bukatuta Estatu Batuetara joan nintzen master bat egitera, eta zerbaitek barruan esaten zidan hori ez zela nire bidea. Beldurra ematen zidan hainbeste esfortzu eginda dena hankaz gora uztea. Momentu batean krisi sakon batean murgildu nintzen, eta orduan erabaki nuen: ‘Ez, ni ez naiz etorri pianoa jotzera edo irakastera’.
2010ean yoga klaseak ematen hasi nintzen, prozesu terapeutiko bat egiten, ni neu lehenengo. Formazioa ere jaso nuen. 2010ean ere kaiku tibetarrak ezagutu nituen, eta sonoterapia izena duen hori. Oraindik piano irakaslea nintzen eta ez nuen inondik inora espero horretara dedikatuko nintzenik, baina jarraitu nuen formazioarekin. Interpretazioa 2010-2011n utzi nuen, baita piano eskolak ere orain dela hiruzpalau urte. Garai hartan kontzertuak ematen hasi nintzen. Pausotxoak ematen joan nintzen pixkanaka, eta nire bidea aurkitu nuen azkenean.
Hau zen zure bidea eta ez bestea?
Bai, kontua da orain ulertu dudala. Nire espresatzeko era soinuaren bitartez da, eta hori pianoaren bidez deskubritu nuen. Kontua da hori ez zela formula egokia. Orain egiten dudan lan honetarako oso ongi etorri zaizkit musika ikasketa horiek guztiak, eta horrek, nolabait, ezberdintzen nau egiten dudan honetan.
Musika eta soinua espresatzeko moduak izan daitezke?
Bai, zalantzarik gabe. Zerikusi zuzen-zuzena dauka interpretearekin, kasu honetan, terapeutarekin ere. Nik sentitzen dudana da soinuak kanalizatzen ditudala. Nire bitartez pasatzen direla. Piano jotzaile baten kasuan hori ere gerta daiteke, baina nik bizi izan nuena oso zurruna zen, atal mentala oso-oso aktiboa nuen, baina emozioekin eta arimarekin konexioa ere dago. Niretzako askoz errazagoa da espresatzeko bide hau.
Zuk kanal funtzio hori betetzeak ez al dizu ondoriorik eragiten?
Hori da nire lana. Hiru urtez egon naiz minbizia duten haurrekin lanean, eta hor oso argi neukan nire lana zein izango zen, eta zein ezin zuen izan. Ezin nintzen tristuratik kantatzera joan umeei, zeren transmitituko nukeena hori izango zen. Beraz, nire lana zen: ‘Hemendik atera behar zara eta kanal hori garbi-garbi utzi behar duzu eta sentitu, kantatzearekoan sentitzen duzun maitasuna’. Batzuetan ez dut nire lana ongi egiten eta gauza batzuk bereganatzen ditut, baina saiatzen naiz hala izan ez dadin.
Nola iristen zara puntu horretara?
Meditazioak laguntzen dit. Eguneroko meditazioak zentratzera eramaten nau, eta praktikarekin lortu dut konexio hori zuzenean lortzea. Ez dut ordubeteko meditazioa egin behar iristeko. Praktika kontua da, ez da besterik.
Zeintzuk izan ohi dira zure pazienteak?
Gehienak emakumeak dira. Badirudi gehiago irekitzen garela gauza berriei, edo sentsibilitate handiagoarekin bai behintzat. Gizonezkoak ere badira, baina gehienak emakumeak. Adin kontuan ere 30 urtetik gora, denetarik dago.
Gizakiek barruko horrekin gehiago edo maizago konektatu beharko lukete?
Nik uste dut gizakiak, orokorrean, gure buruaren morroi bihurtu garela. Eta gure burua dago etengabe etorkizuna eta iraganaren artean, kezkatzen, programatzen… baina ez dakigu orainean egoten. Eta orainean bizitzeak lasaitasuna ematen du.
Zergatik bidaltzen ditu buruak halako bibrazio negatiboak?
Ez da bakarrik burua, dena da. Gure burua eratzen da haurtzaroan, eta baldin eta zer ikasten dugun eta inkontzienteki sartu dizkiguten sineskeren arabera, horiek denak hemen [burua seinalatzen du] programatuak daude, eta errepikatzen joaten dira. Era berean, gogamen kolektiboa dago, segun eta non bizi garen beste energia bat ere egongo da, eta gu antena bat bezala dena xurgatzen joaten gara. Telebista, irratia eta horrek guztiak toxikotasuna eragiten digu. Gomendioa, beraz, dena itzaltzea da [irribarretsu].
Gaur egungo egoeran, jendeak kezka edo interes handiagoa agertzen du?
Pixka bat bai, nahiz eta oraindik beldur handia dagoen. Adibidez, yoga egiteko jendea ez da ausartzen talde batean sartzera, edo barne garapenean. Beharra inoiz baino handiagoa bada, orain da momentua. Gelditu, arnastu, eta bibrazio horiek orekatu. Norberak egin dezake, ez du misterio handirik, baina jakin behar da eta horretarako erabaki egin behar da. Bizitzak abiadura bizian eramaten gaitu eta zaila da erabakitzea, baina hori norberaren lana da.