Itxura aldaketa jasan du Javier Esteban Indart kaleak
Alarma egoeraz geroztik, bertatik autoak ez pasatzeko eta herritarren mugimendua errazteko apustua egin du udalak.
Jabier Esteban Indart kaleak itxura berria du. Bertako ibilgailuen jarioa desagerturik, oinezkoentzako kalea da jada. Izan ere, alarma egoeraz geroztik bertatik autoak ez pasatzeko eta herritarren mugimendua errazteko (distantziuk errespetatuz) apustua egin zuen udalak, eta ordutik erabakiak jasotako harrera ona dela eta, behin betiko uzteko pausoa eman dute. Idatziz jaso zuen udalak San Miguel auzoko bizilagunen eskaera.
«Kasu honetan, neurria arrakastatsua izan da hasiera-hasieratik. Zirkulazioa desbideratzeko alternatiba erraza zen, eta gune seguruagoak izateko eta distantzia handiagoak uzteko lekua aurkitu dute bizilagunek eta ostalariek. Berehala, jarduketa honek jarraipena izan zezakeela ikusi genuen», esan du Borja Olazabal ordezkariak.
Hala, kalea oinezkoentzat bakarrik egokitzeko eta kalearen itxura erabilera horrekin bat etortzeko hainbat elementu jartzen ari dira: hainbat tamainako hormigoizko lore aska prefabrikatuak, elementu berde eta apaingarriak edo kaleko banku edo aulkiak jarri dituzte. Gainera, galtzada ibilgailuentzat ez denaren irudia emateko, egungo seinale horizontalak ezabatuko dira, eta hainbat kolore eta formatako xafiak jarriko dituzte kale osoan.