Irun COVID-19aren zonalde gorrira hurbiltzen ari da, 31 positibo gehiagorekin
Irun, azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko tasan 417ra iritsi da. Lasaiagoa da egoera Hondarribian, 336ko tasarekin.
Gipuzkoan adina ez, baina Bidasoan ere hasi da nabaritzen Gipuzkoako COVID-19 kasuen gorakada. Atzo Irunen 31 positibo gehiago zenbatu zituzten, eta zazpi Hondarribian. Horrek eragin du Irungo azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko tasa 417,37raino igotzea, Hondarribikoa asteazkenekoaren antzerakoa delarik, atzo zazpi positibo gehiagorekin.
Koronabirusaren eragina mugatzeko 14.144 PCR proba egin zituzten atzo Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian. Horietatik 1.207k eman zuten positibo, %8,5ak.
Horrela dago Bidasoko egoera, azken hamalau eguneko 100.000 biztanleko tasari dagokionez. Zenbaki hori 500etik gorakoa bada, Jaurlaritzak erabaki dezake herriei atzo erabakitako neurriak eta gomendioak ezartzea:
- Irun: 417,37 (asteazkenean, 407,35).
- Hondarribia: 336,54 (asteazkenean, 330,64).
- Gipuzkoako batez bestekoa: 626,54 (asteazkenean, 576,97).