[Erreportajea] Euskal pintxoak, Hondarribitik Tokiora
Tokiotarrek pintxoak atsegin dituzte. Hondarribiko Gran Sol tabernak establezimendu bat ireki du Japoniako hiriburuan, eta «euskal esperientziak» bertakoak liluratu ditu. Hango sukaldariak hemen izan dira, ikasten.
Hondarribiko Gran Sol jatetxeak euskal gastronomia Shibuyara (Tokio, Japonia) eraman du, ez soilik hemengo pintxoak tokiotarrei bertaratuz, baizik eta gure izanaren esentzia 10.000 kilometrora dagoen lurretara eramateko helburuz.
Nekane Muñozek, Hondarribiko tabernako gerenteak, adierazi du Gran Sol Tokyoren inaugurazioa zentzu askotan izan dela alaigarria: «Benetan harro gaude bertakoekin egindako lanagatik. Ziur elkarrekin egiten hasi garen bide hau arrakastatsua izango dela, oso».
Orain dela hiru urte inguru hasi zen dena, World Liquor Importers Inc. markako presidente den Hisashi Imazotok egindako dei batekin. Hondarribian bildu ziren bi aldeetako arduradunak. «Gustatu zitzaigun egin ziguten planteamendua», aitortu du Muñozek: «Bereziki, euren helburua zelako Gran Sol tabernaren funtsa eta euskal pintxoen nortasuna bertara helaraztea, Japoniara».
«Hura liluratuta bueltatu zen Japoniara», esan du tabernako arduradunak irribarre artean. «Ziur dakigu hura irabazi genuela ez soilik sabelagatik, baizik eta Gran Solen funtsa eta identitatea zaintzean jarri genuen enfasiagatik». Bi aldeek bat egin zuten premisa horretan, Imazotoren motibazio nagusia ere euskal pintxoen kultura bere lurrera eramatea baitzen: «Jateko modu bikain hau eskaini nahi dugu».
Sukaldarien bidaia
Mika Pop Hondarribiko tabernako sukaldeburua da, eta hark sentikortasun bereziarekin gogoratzen du tokiotar sukaldariekin elkarlanean eman zituen egunak: «Orain dela bi urte etorri ziren eta hilabetez egin genuen elkarrekin lan. Oso azkar ikasten dute, gustuko dute sukaldea. Egia esan, ez zaie ezer falta, izugarrizko makinak dira!».
Lau sukaldari etorri ziren Shibuyatik, hemengo gastronomian blaitzeko asmo irmoz, eta lau astean ikasitakoa Gran Sol Tokyon gauzatzen ari dira orain. Koronabirusaren ondorioz ekainean egitea aurreikusi zuten bidaia ezin izan dute egin Muñoz eta Popek, pantaila baten beste aldetik bizi behar izan dute prozesu gehiena, eta horrek «negargura» eragin diela aitortu dute.
Tokioko Gran Sol establezimendu berria originalaren erabateko kalkoa da
«Lehen bideoa bidali zigutenean tabernarena, zabalik, ilea laztu zitzaidan», gogorarazi ekarri du sukaldariak. Tokioko establezimendua originalaren erabateko kalkoa da: «Bete-betean asmatu dute; beste gauza bat pintxoen zaporea da» [barreak], «hori bideoan ezin izan nuen dastatu, baina itxuraz dena dago eder eta hobeezin». Ahalegin berezia jarri dute itxura zaintzean.
Popek argi dauka, txantxak alde batera utzita, zaporez ere bikain egongo direla pintxoak, izan ere, iturri onetik daki tokiotar sukaldariek hitzez hitz jarraitu dutela haren argibide nagusia: «Egiten den guztiak maitasun bereziarekin egina izan behar du. Zaporerik gabe ezerk ez du balio, horregatik tematu naiz bereziki esandakoan: dena aurretik probatu behar da eta bihotza jarri prestakuntzan».
52 urteko lanaren erakusle
Muñozek begiak atzera biratu ditu orain arte egindako ibilbideari erreparatzeko: «Familiarteko negozioa da gurea, 52 urteko bidea dugu atzean, eta oso pozgarria da hau guretzat, urte luzez egindako lanaren aitorpena da».
Lehen aldiz ateak zabaldu zituztenetik, jabeek filosofia berdinari atxiki diote euren jarduna: «Euskal pintxoen kulturari eustea». Eta orain, baita nazioartean hedatzea ere. Lokaleko gerenteak uste du, behin pandemia igarota, Japonian taberna bat egoteak bertako turistak erakar litzakeela Hondarribia bisitatzera, eta horiek jasotzea indargarri izan litekeela, maila batean, bertako ostalarientzat eta turismoaren sektorearentzat, orokorrean.
Etorkizunari ilusioz so egin dio Muñozek, tokiotar kideekin elkar egingo duen bideari itxaropenez ekinez, baina aurretik bide hori zabaldu zietenei aitortuz egungo lorpena: «Hau ikustea opari itzela litzateke gure arbasoentzat, abentura honi hasiera eman eta gaur honaino ekarri gaituzten horientzat».