EAJ: «Bertakoa sustatzea beharrezkoa da»
Merkataritza, ostalaritza eta kulturak azken hilabeteotan pairatutako egoerarekin kezkati azaldu dira jeltzaleak. Irun Aurrera planean jasotako neurri batzuk nahikoak ez direla diote, eta udal gobernuari «apustu sendoagoa» egiteko eskatu diote.
Irungo EAJ taldea kezkati azaldu da hiriko merkataritza, ostalaritzak eta kulturak azken hilabete luze hauetan pairatzen ari den egoerarekin. Gaur Xabier Iridoy eta Josu Iguiñizek eskainitako agerraldian udal gobernuak abiatutako Irun Aurrera planaren barruko bonuen gaineko gogoeta egin dute.
«Hurbileko merkataritzari dagokionez, zoritxarrez, hau gainbeheran dago. Are gehiago, gaian pittin bat sakonduz gero, datu ofizialek, Irunen beste inon baino denda gehiago ixten direla adierazten dute. Gainera, egia da, pandemiaren ondorioek ere ez dutela askorik lagundu», esan du bozeramaileak.
Udal talde guztien artean adostutako bonuak gogora ekarri dituzte jeltzaleek, haien ustez «ezinbestekoak» direnak , baina merkataritza eta ostalaritzako sektoreekin adostea ere «beharrezkotzat» jo dute. Izan ere, gaurkoan salatu dutenez, bonuek soilik «deskontu txartel gisa baino ez dute funtzionatu», eta ondorioz, hauen eragina «txikia» izan dela. «Bonuen helburuak gure hiriko merkataritzan eta ostalaritzan pertsonen laguntza eta kontsumo kontzientea sustatzea izan beharko luke».
Saltokien zein tabernen parte hartzea «oso urria» izan dela diote, soilik saltokien %12ak eta tabernen %6ak jaso dituela bonuak. «Udalak apustu sendoagoa egin behar du».
Kulturarako diru gehiago
Kulturarako udalak abiatutako 44.000 euroko diru partida nahikoa ez dela erantsi nahi izan dute gaurko agerraldian. Hiriko artista, elkarte edota erakundeek aurrera egiteko udalak beharrezko baliabideak jarri behar dituela uste dute jeltzaleek, «ez daitezen baztertuta sentitu». Honako esaldiarekin amaitu dute gaurkoa: «Gure taldearentzat, EAJrentzat, bertakoa egoki sustatzea funtsezkoa da».