Hilaren 27ra arte atxiki daitezke establezimenduak bonuen kanpainara
Tokiko merkataritzaren "pizgarri ekonomiko" gisa, egoera "arintzen laguntzeko" itxaropena agertu du Txomin Sagarzazuk. Datorren astean sartuko dira bonuak indarrean.
Hondarribiko ostalariek, merkatariek eta turismo arloko eragileek hilaren 27ra arte eman dezakete izena salerosketa bonuen kanpainan, Txomin Sagarzazu alkateak eta Maria Serrano Merkataritza eta Garapen Ekonomikorako zinegotziak ezagutarazi dutenez. Prentsaren aurrean egindako agerraldian, halaber, bi hautetsiek kanpainan parte hartzera deitu dituzte udalerriko establezimenduak.
“Pizgarri ekonomikotzat” jo du Sagarzazuk kanpaina, eta egoera “arintzeko” lagungarria izan daitekeela iritzi dio, gakoa “herriko dinamikan eraginkorra izatea da”. Hala, kanpaina ez dela soilik udalarena nabarmendu du agintariak, hainbat “muga administratibo” izan baitituzte horretarako. Azkenean, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak atzeraldi ekonomikoari aurre hartzeko martxan jarritako neurrien barruan dago kanpaina.
Serranok bere aldetik emandako azalpenen arabera, kanpaina bitan banatzen da: Euskadi Bonu Denda, batetik, eta Euskadi Turismo Bonua, bestetik. 300.000 euro bideratuko dira denera, 150.000 euro kanpainaren atal bakoitzeko. Hala, Hondarribian atzora arte 45 establezimendu zeuden atxikita iniziatibara. Hilaren hasieratik dago izen emate epea irekita, “baina egia da udala atxikitu zenetik eman dela gorakada”.
Hori horrela, parte hartzera animatu nahi izan dituzte eragile ekonomiko txikiak, eta Serranok nabarmendu duenez, “bonuak atxikitutako establezimenduetan bakarrik gastatu ahal izango dira”. Datorren astean herritarrei zuzendutako komunikazio kanpaina abiatuko dute, eta hilaren 28tik aurrera, erabili ahal izango dira.
Kanpainan parte hartzeko interesa dutenek ondoko estekaren bitartez egin dezakete.