Liburutegien Nazioarteko Egunari begira jarri dira Zuloaga Etxean
Hilaren 24an ospatuko dute liburutegien omenezko eguna, eta aitzakia baliatuta, aste osora luzatu ditu ospakizunak Hondarribikoak.
Liburutegien Nazioarteko Eguna ospatuko dute urriaren 24an, larunbatarekin, eta aitzakia baliatu nahi izan dute Zuloaga Etxean aste osora begira atondutako txoko bereziekin zein egitarauarekin.
Lehenik eta behin, liburutegian sartu eta Bidaia agentzia topatuko du interesdunak. “Erabiltzaileak nora bidaiatu nahi duen aukeratu ahal izango du”, azaldu du Juan Luis Silanes Kultura zinegotziak, “eta bidaia txartelak eskuragarri izango ditu”. Bertan bildutako film eta liburuei esker, bidaiatzeko aukera izango dute.
Hurrengo txokoan bi erakusketa txiki antolatu dituzte liburutegiko langileek: batean, erabiltzaileek ahaztutako gauzak bildu dituzte, eta bestean, liburutegietako orri-markatzaileak. Putzuaren inguruan, bestalde, Liburutegia gaia izango da protagonista, eta hori hizpide duen dokumentuen bilduma egongo da maileguan eskuragarri.
Horrez gain, ondoko jarduerak aurreikusi dituzte Kultur departamentutik:
- Hilak 21, 17:30ean: Lupe Lekuonak haurrei zuzendutako ipuin kontaketa egingo du. Edukiera mugatua denez aldez aurretik izena ematea gomendatu dute.
- Hilak 23, 19:00etan: 16 urtez gorako herritarrei bideratuta, Joxemari Carrere ipuin kontalaria ariko da hizlari lanetan. Kasu honetan ere, aldez aurretik izena ematera deitu dute.
- Hilak 24, goizez: Liburutegia San Pedro kalera eramango dute. Antolatzaileen arabera, “liburutegiak ateak zabalik dituela adierazi nahi dugu, baita erabiltzaileengana hurbiltzen garela ere”. Jarduera eguraldiaren menpe egongo dela erantsi dute.
Aipatutakoaz gain, Maite Caballerok egindako orri-markatzaileak denen eskura jarriko dituzte liburutegiko sarreran, eta sare sozialetan ere galderak egingo zazkie erabiltzaileei.