Goikoetxea-Irastorza bikoteak jantzi du txapela
Lehia bizia izan da Jostaldi pilotalekuan jokatutako Hondarribia Grand Slam txapelketako finalean. 2-1 gailendu zaio azkenean Goikoetxea-Irastorza bikotea Beaskoetxea-Lopezi.
Bukaerara iritsi da Hondarribia Grand Slam txapelketa. 2-1 markagailua lortuta, Goikoetxea-Irastorza bikotea gailendu zaio Beaskoetxea-Lopez bikoteari azkenean, 14-15, 15-8 eta 5-3ko emaitzak eskuratu ondoren, euren nagusitasuna agerian utziz.
Lehen denboran gorriek partida kontrolpean zuten arren, atsedenaren ondoren markagilua iraultzea lortu zuten urdinek. Bigarrenari dagokionez, Beaskoetxea-Lopez bikotea nagusitasuna mantentzen saiatu zen, nahiz eta Goikoetxea-Irastorzak agintea hartu eta berdinketa lortu zuen. Azken zatian gorriek kontrolatu zuten jokoa, garaipena erdiestea erraza izan ez zen arren.
Zaleek goraino bete zuten Jostaldi pilotalekua eta sarrerak agortzea eragin zuten, 280 denera. Finala hasi aurretik, hala ere, Basterra-Del Rio Benetrix-Manzisidor jokalarien arteko partidarekin gozatzeko aukera izan zuten Jostaldin bildutako ia hirurehun ikusleek. Hondarribiko Pilota Eskolako harrobitik ateratako lehen jokalaria da Julen Basterra, eta 25-18 irabaztea lortu zuen Del Riorekin batera.