«Herritarrek Irungo proiektuetan parte hartzearen aldeko benetako apustua egin behar da»
Orain dela hiru urte irundarren parte hartzea arautzeko udal gobernuak martxan jarritako araudiaren zain jarraitzen du EAJk. Haserre agertu dira, «urte eta erdi baino gehiago zain» egon direlako.
Irungo EAJ taldeko bozeramaile Xabier Iridoy eta zinegotzi Lourdes Larrazak agerraldia eskaini dute gaur batzokian. Bi ordezkariek euren harridura agertu dute, oraindik ere osatu gabeko Parte Hartze Araudi berria onartzeko udal gobernuak duen «pasibotasunaren aurrean».
Orain dela hiru urte hiritarren parte hartzea arautuko zuen araudi bat lantzeko udal gobernuak talde eragile bat martxan jarri zuela gogoratu dute lehenik jeltzaleek, oposizioko taldeen egitasmoz. 2019an aldiz, Partaidetzarako Araudia amaitutzat eman zutela diote, eta ordutik egin beharreko gauza bakarra udalbatzara eramatea zela. «Baina hori ez da egun arte gauzatu. Hitzak ordea, hitz besterik ez ziren izan, osoko bilkurara ez eramateaz gain, egun oraindik ez zaigu atzerapenaren inguruko inolako azalpenik eman eta», diote amorruz.
Udal gobernuari galdera eta kontsulta ugari egin dizkiotela nabarmendu du Iridoyk, baina, oraindik ere esperoan jarraitzen dutela. «Gainera gure taldeak ekarpen baliotsuak egin zizkion araudi horri» erantsi dute gaur, besteak beste, «dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako informazio guztia eskuragarri jartzea eta unibertsalizatzea, udal plataformetan udaleko talde politiko guztien ekimenei eta proposamenei buruzko informazio eta xehetasunak esleitzea, eta hiriko partaidetza prozesuak antolatu eta ebaluatzeko ordezkari politikoek, gizarte eragilek eta teknikariek osatutako talde eragile egonkor bat sortzea».
EAJk proposatutako araudi honen bitartez herritarrek gardentasun handiagoa eta udal jarduerari buruzko informazio ostuagoa jasoko dutela uste dute. Izan ere, aurrekontu partehartzaileak «zentzu zabalagoan eta irekiagoan» eratu beharko liratekeela esan du Iridoyk, «eta ez gaur egun egiten dena soilik jaso». Finean, Irungo herritarren erabakitzeko ahalmena handitu eta parte hartzea aktiboa sustatu nahi dute jeltzaleek.
Horregatik guztiagatik, araudia izapidetzen hasteko eskatu diote udal gobernuari. «COVID 19a ezin da izan aurrera ez egiteko arrazoia edo aitzakia. Are gehiago, udal gobernuak dagoeneko onartuta eta jardunean izateko urte eta erdi baino gehiago duenean. Aurrera pausoak ematen jarraitu behar da, eta gardentasunaren eta herritarrek Irungo proiektuetan parte hartzearen aldeko benetako apustua egin behar da», erantsi du bozeramaileak, agerraldiari amaiera emateko.