Asier Suberbiola donostiarrak irabazi du Iñigo Muguruza beka
Iaz zendutako musikari irundarraren omenezko bekarekin 8.000 euro jasoko ditu irabazleak. Zortzi hilabeteko epean egin beharko du ikerketa lana.
Irungo alkate Jose Antonio Santanok Iñigo Muguruza bekaren irabazlearen berri eman du gaur goizean, Rebeca Ruiz ordezkariarekin eta Jabier Muguruza musikariarekin batera. Asier Suberbiola musikari donostiarrak irabazi du estreinako beka, beraz, 8.000 euroko laguntza jasoko du bere proiektua egiteko.
Jasotako diruarekin Muguruzaren abestiak abiapuntu izango dituen ikerketa lan bat egingo du donostiarrak. Material didaktikoa sortuko duela zehaztu du irabazleak eta horrez gain, musika modernoaren garapenaren gaineko «erradiografia» bat egingo duela. Zortzi hilabeteko epea izango du ikerketa lana egiteko. Amaierako lana, Musika Eskolan zein Kontserbatorioan erabiliko dute.
«Iñigo Muguruza beti izango da euskal musikaren erreferente bat. Beka hau, omenaldi bat izateaz gain, belaunaldi berriei haren legatua gerturatzeko ikerketa sustatzen baitu», esan du Santanok.
Irabazlea
Bartzelonan bizi den musikari donostiarra da Asier Suberbiola, Pedagogian lizentziatutakoa eta Biolin Irakasle Nagusia izan da. Aupa Quartet eta Asier Suberbiola Swing Trio taldeen sortzaile da, eta Europa, Asia eta Ameriketan zehar zenbait bira egin ditu. Musika modernoan, jazzean eta inprobisazioan aditua da.