Bitoriano Juaristi kalea oinezkoentzat izan dadin lanak abiatu ditu udalak
Mugikortasun iraunkorra bultzatze aldera eta ikastetxeetako eremuak seguruagoak izan daitezen ingurua egokitzen hasi da udala.
Bitoriano Juaristi kalea oinezkoentzat izango da aurrerantzean. Hala jakinarazi dute gaur goizean Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak eta Juan Luis Silanes Ingurumen eta Hezkuntza zinegotziak prentsaurrean egindako agerraldian, eta zehaztu dutenez, bi helburu argi dauzka esku-hartzeak: mugikortasuna hobetzea, batetik, eta ikastetxeetako eremuak seguruak izatea, bestetik.
“Mugikortasun planaren barruan sortzen diren ekintzetatik, hauxe dugu horietako bat” azaldu du alkateak, “orain dela gutxi Mugi Zaitez kanpainaren inguruan aritu ginen, eta orduko 30 kilometroko ekintzarekin ere, baina hau ere oso inportantea iruditzen zaigu”. Izan ere, Ama Guadalupekoako lehen hezkuntzako ikastetxearekin eta bizilagunekin adostutako interbentzioa dela adierazi du, eta horren arabera, kalea autoz husteko konpromisoa hartu zuela udalak gaineratu.
Hori horrela, soilik bertako bizilagunek edukiko dute aurrerantzean sarbidea, eta gurasoek, bestalde, inguruan utzi beharko dute autoa umeak utzi eta jasotzeko garaian.
Pertzepzioa
Mugikortasun iraunkorrerantz urratsak egiten hasteko helburuarekin eta obra handirik egin gabe, herritarren pertzepzioan eragiten saiatuko da udala. Lehenik eta behin, arrapalak egokituko ditu, espaloia zabaldu, eta ondoren, erronboekin margotuko dute kalea. Silanesek azaldu duenez, “erronbo batzuk egongo dira margotuta, margo berezi batekin noski, eta erronbo horiek joango dira gutxitzen. Kale honen erdira iristen joaterakoan konturatuko gara oinezkoentzako dela”. Margoaren bidez tankera horretako mezuak helaraztea dela helburua gaineratu du Sagarzazuk: “Ez da hainbesteko obrarik egin behar, baliabide gutxiagorekin mezu hori igorri daiteke”.
Horrez gain, beste hainbat aldaketa egongo direla inguruan aurreratu du Silanesek, hala nola: motorrentzako aparkalekua Axular kalean finkatuko dute, bertatik ateratzean soilik ezkerrera biratu ahalko dute autoek, eta eskuin aldean berriz, hainbat aparkaleku ezarriko dira.
Hala, hiru aste barru lanak bukatutzat ematea aurreikusi du udalak, eta horretarako 40.000 euroko aurrekontua bideratu dutela zehaztu dute.
Esku-hartzeak
Datozen hilabeteetan mugikortasunaren mesedetan zenbait esku-hartze egingo dituela udalak iragarri dute bi agintariek. “Ikuspegi aldaketa egitea badakigu ez dela erraza”, adierazi du Sagarzazuk, “baina ari gara horretan laguntzen duten lege tresneria martxan jartzen, gogoeta markoa, parte hartzea, ekintza plana… Egin behar da eta atzeraezina da”.
Hortaz, Ama Guadapekoako bigarren hezkuntzako ikastetxearen ingurua ere egokituko dute, baita Baserritar etorbidea ere Talaia Alai proiektuaren bidez. Portuan, bestalde, orduko 30 kilometroko muga ezarriko da, eta aurrera begira, mugikortasun iraunkorra bultzatzeko diseinatutako ekintza planak aurreikusitako beste hainbat esku-hartze garatzen joango direla iragarri dute.