Urtebetean, 1.175 langabe gehiago Bidasoan
Iazko irailaren bukaeratik aurtengora langabezia tasa %10,6tik %13,6ra igo da Bidasoan. COVID-19aren krisiak izan du eraginik horretan.
2019ko irailaren azken egunean Bidasoko bi herrietan zegoen langabeen kopurua 3.874 pertsonakoa zen. Aurtengo data berberean 5.049ra igo da Lanbiden izena emanda dutenen kopurua. Hau da, urtebetean 1.175 pertsonatan hazi da langabezia: tasa %10,6tik %13,6ra igo da. COVID-19aren krisiak izan du eraginik horretan. Datuok Bidasoa Bizirik-ek publikatu ditu, Lanbidekoetan oinarrituta.
Hilabetez hilabeteko azken datuei erreparatuta, abuztutik irailera ez zen langabezia handitu eskualdean. Urteko zortzigarren hilabetetik bederatzigarrenera, 22 pertsonatan txikitu egin zen langabeen zenbakia Bidasoan.
Gipuzkoako datuak esku artean, Bidasoa da tasarik altuena duen eskualdea %13,6rekin. Txikiena Urola Kostak du, %9,13koa. Oarsoaldekoa %10,33koa da, Donostialdekoa %11,44koa, eta Gipuzkoako batez bestekoa %11,2n dago.
Herriak, adina eta sexua
Iazko irailaren bukaeran lanik gabe zeuden irundarrak 3.282 ziren; aurten 4.322 dira (+1.040). Tasa, beraz, %11,3koa izatetik %14,9ra pasatu da.
Hondarribian, berriz, iazko irailaren 30ean 592 ziren lanik gabe zirenak, eta aurtengo iraileko azken egunean 727 izan dira (+135). Tasa, beraz, %7,3tik %9ra joan da.
Adinari dagokionez, langabezian daudenetatik gehienak 45 urtetik gorakoak dira, 2.413 denera. 25-45 adin tartean daudenak 2.103 dira, eta 25etik beherakoen artean 533 daude lanik gabe.
Bidasoan dauden 5.049 langabeetatik 2.814 emakumeak dira, 2.235 gizonak.