«Sei urte daramazkigu pazientzia handiz udalak bere hitza bete dezan itxaroten»
Irungo Erdiguneko Bizilagunen Elkarteak 2014an hasi zuen lokal bat eskuratzeko borroka. Oraindik ere udalak erantzunik eman ez duela salatu dute amorruz.
Irungo Erdiguneko Bizilagunen Elkarteak agerraldia eskaini du gaur goizean, zenbait kontu argitu nahi izan dituzte. 2014an ibilbidea hasi zutenetik lokal bat lortzeko borrokan ibili direla nabarmendu dute, baina oraindik ere erantzunik jaso ez dutela salatu dute, besteak beste.
Sei urte hauetan lokal bat eskuragarri jartzeko Irungo Udalaren konpromisoa izan dutela azaldu dute, «baita ere alkatearena». Haiekin izandako bileretan azaldu zieten Ikust-Alaiako etxebizitzen eraikuntza amaitzerakoan bertan lokal bat jarriko zietela. 2017an formalki udalari «hitzez esandako hori idatziz» egitea eskatu zioten, udalean dokumentu bat aurkeztuta. Horretan, 2020ko aurrekontuan Ikust-Alaiako lokalerako diru partida bat gehitzea, lokalaren lagapen ofiziala egitea eta prozesu guztiaren berri bizilagunei ematea eskatu zuten.
Urte hasieran aldiz, mozio bat aurkeztu zutela azaldu dute gaurko agerraldian, alderdi guztiek sinatutakoa, Udalbatzan eztabaidatu ahal izateko. Alderdi guztiek bat egin zuten orduan elkartearen eskaerekin. Mozio honetan Ikust-Alaiako lokala erdiguneko bizilagunen elkartearentzako izatea eta proiektua lizitatzeko 2020ko aurrekontuetan diru partida bat onartzea jaso zuten.
Baina, joan den otsailean «Podemosen panfleto batean» Ikust-Alaiako lokala Emakumeen Etxerako erabiliko zutela ikusi zuten bizilagunek, hauen haserrea eraginez. «Talde honekin izandako bileretan ez digute ezer esan, ez zen Ikust-Alaiako lokalaz hitz egiten».
Zentzu berean, PSE-EEk konpromiso politikoak eusteko duen gabezia nabarmendu mahi izan dute, sozialisten «erantzukizun falta agerian utziz», urte asko izan baitira erantzunik jaso gabe.
Hilabete eta urte hauetako erantzun ezaren aurrean, idatzi bat helarazi berri diete talde politiko guztiei, eta honako erantzuna jaso dute udaleko teknikarien aldetik: finean, lokala Emakumeen Etxerako erabiliok dutela hasiera batean, eta gerora, bizilagunen elkarteak erabiliko duela. «Modu honetan, lokalik gabe utziko digute denbora mugagabean. Sei urte daramazkigu pazientzia handiz udalak bere hitza bete dezan itxaroten».
Jaurlaritzaren babesa
«Udal honek ez gaitu baloratzen, baina bai Eusko Jaurlaritzak», erantsi dute amaieran. Izan ere, lehendakariak sinatutako dokumentu baten arabera, Erabilera Publikoko Elkarte gisa definitu berri dute Erdiguneko Bizilagunen Elkartea. Horrekin abantaila berri ugari izango dituztela azaldu dute.
Egun, Foru kaleko 4. zenbakian biltzen dira bizilagunak, salatu duten bezala, «auzotarrei arreta egiteko aukera ematen ez duen gela batean». Bide batez, edonolako laguntzarik behar duten bizilagunei bertaratzeko gonbita egin diete asteartetan, 17:00etatik 19:00etara. Haiekin harremanetan jartzeko, helbide hontara idatzi daiteke.