«Euskararen aldeko apustuak ez luke hitz hutsetan geratu behar»
Arigune gisa arituko da EAJ aurtengo Euskaraldian. Horren harira, udal gobernuari euskararen alde nahikoa ez egitea leporatu diote.
Irungo EAJ bigarren Euskaraldiari begira jarri da. Talde jeltzalea arigune gisa arituko dela jakinarazteaz gain, irundarrak ahobizi zein belarriprest gisa parte hartzera animatu ditu Xabier Iridoy bozeramaileak. Bide batez, euskararen alde udal gobernuak nahikoa egiten ez duela salatu nahi izan dute.
«Esan nahiko genuke hitzez gain ekintzek ere zer esan handia dutela euskaran zein edozein alorretan. Euskara sustatzen dugula esaten badugu, hau bultzatzen duten ekimenetan parte hartzeak beharrezkoa izan beharko luke. Horregatik, gu, Irungo EAJ, arigune izango gara aurtengo Euskaraldian», esan du Iridoyk.
Irungo euskararen erabilera datuetan aurrera pausoak emateko beharra nabarmendu du bozeramaileak, nahiz eta erabilera datuak urtez urte hobetzen joan, «oraindik egiteko asko» dagoela uste baitu taldeak. «Zoritxarrez, gobernuarengan ez dugu euskara sustatzeko interes errealik ikusten. Euskara sustatzea ez da orain arte aurrera eraman diren ekimenak behin eta berriro martxan jartzea, euskara sutatzea ekimen berriak hiriaren beharretara egokitzean datza», erantsi du.
Horregatik diote udaletik laguntzak eta aukera gehiago eman behar direla. Zentzu horretan, haur eta gazteen aisialdiari begira egitasmo berriak antolatu daitezkeela uste dute. «Euskararen aldeko apustuak ez luke hitz hutsetan geratu behar», esaldiarekin amaitu du agerraldia Iridoyk.