[Erreportajea] Musika doinuek etenik izan ez dezaten
Pandemiari egokitutako Fenomena jaialdia hasiko da bihar Hondarribian. Izurriak hasierako kartelean hainbat gorabehera eragin dituen arren, festibala antolatu eta sektorearekin konpromisoa berretsi nahi izan dute antolatzaileek.
Bihar ekingo diote 2020. urteko Fenomena jaialdiari Hondarribian. Musikazaleen eta adituen presentziak udalerriko txoko eta bazterrak beteko ditu asteburu osoan zehar. Aurten, gainera, bi egunez egingo dute jaialdia, debalde, eta izurrira egokitutako formatuan, Ernesto Villar antolakuntzako kideak azaldu duenez. «Eromena» izan da haren hitzetan aurtengo Fenomena antolatzea; areago, zailtasunak ikusirik, aurten jaialdirik ez egitea ere planteatu zuten, nahiz eta sektorearekin, musikariekin zein teknikariekin, konpromisoa berrestea hobetsi zuten azkenean.
Hala, izurriak aurrera egin ahala, hasieran aurreikusitako taldeen zerrenda aldatu zela azaldu du Villarrek: «Amerikako Estatu Batuetako bi talde eta Ingalaterrako beste bat etortzekoak ziren hasieran, baina, koronabirusaren bilakaera medio, eta euren herrialdeetara itzultzean bete beharreko berrogeialdia dela eta, jaialdian parte hartzeari uko egin zioten azkenean». Hori horrela, Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Espainiako Estatuko musikariekin osatu dute kartela.
Fenomenak bost urte
Bosgarren ekitaldia beteko du aurten dagoeneko Fenomena jaialdiak. Bertan parte hartzen duten musikariak aukeratzeko garaian bi irizpide baloratzen dituzte, Villarren arabera: «Nortasun handia» izatea batetik, eta «bizirik egotea», bestetik. Hortaz, kartelburuak erortzean bi irizpide horiek kontuan hartuta inguruan bilatzea erabaki zuten antolatzaileek. Hala, Left Hook talde bidasoarraren stoner doinuek irekiko dute bihar jaialdia, eta ondoren, Maika Makovski Mallorcako (Herrialde Katalanak) kantariaren eta haren bandaren erritmoek girotuko dute hitzordua.
Etzirako prestatutako kontzertuen artean, Joseba Irazokik beste behin errepikatuko du Fenomena jaialdian; oraingoan, ordea, Elena Setien musikariarekin abiatutako proiektua taularatuz. Horrez gain, Cuello talde valentziarraren (Herrialde Katalanak) «rock urduria» ikusteko aukera izango da. Crudo Pimento (Espainia) taldearen doinu bereziak izango dira asteburuko azkenak. Horrez gain, Cabezafuego musikari nafarrak Euskal Herritik Armeniaraino egindako bidaia solasaldi «soniko» batean azalduko du.
Jaialdiko emanaldietan izatea debalde den arren, gonbidapenak jasotzea ezinbestekoa dela gogorarazi dute antolatzaileek. Gainera, emanaldien artean egin beharreko desinfekzio lanak direla eta, gonbidapenak talde bakoitzeko jaso behar direla nabarmendu dute. Hala, «espazio segurua» sortze aldera, publikoak protokoloak betetzen lagun dezala eskatu du Villarrek. Euria eginez gero, jaialdia Kasino Zaharretik Jostaldi pilotalekura lekualdatuko dutela gaineratu du.
Ernesto Villar: «Pandemiak Europako musika bira guztiak hankaz gora jarri ditu»
Bosgarren urteurrena beteko du aurten Fenomena musika jaialdiak. Antolaketa lantaldean aritu da hasieratik Ernesto Villar (Hondarribia, 1969), eta, aurtengoa ezberdina izango dela argi duen arren, parte hartzera animatu nahi izan ditu herritarrak.
Zer da Fenomena jaialdiak aurten eskainiko duena?
Pandemiak Europako bira guztiak hankaz gora jarri ditu. Miresten genituen talde batzuk joan dira, eta, azkenean, inguruan bilatu dugu. Bihar, Left Hook izango da lehen taldea. Stoner instrumentala jotzen dute bi baxu distortsionatu eta bateria bat erabiliz. Soinuaren trataera oso interesgarria iruditzen zaigu. Talde bakoitzak aukeratzen duen soinuak garrantzi handia du, informazio asko dago horren atzetik. Maika Makovski ariko da ondoren, eta, ezaguna dugun arren, soinuarekiko harreman bat dauka oso erakargarria dena.
Etzi, Joseba Irazoki eta Elena Setienen azken proiektua ezagutuko dugu. Nortasun handia du Setienek, eta hori eskatzen du Fenomenak. Cuello ariko da ondoren, eta ez dakit oso ondo nola definitu, punk urduria edo punk pultso horrekin. Oso kanta onak egiten ditu, eta oso garrantzitsua da talde hau ere, bizirik dago. Azkenik, Crudo Pimentok tradizioa eta modernoa uztartuko du.
«Nortasuna» eta «bizirik» aipatu dituzu. Horiek dira ezinbesteko irizpideak Fenomenarako?
Bai, zalantzarik gabe. Batetik nortasun handia edukitzea, eta bestetik, bizirik egotea, musika egiten jarraitzea.