'Deposito bete elkartasun' kanpaina bihartik aurrera Hondarribian
Euskal presoen senideak laguntzeko elkartasun kanpaina berria abiatu du Etxerat elkarteak, eta espetxeetaraino egin beharreko kilometroak finantzatzea du helburu.
Etxerat elkarteak abiatutako Deposito bete elkartasun kanpaina bihar iritsiko da Hondarribira. Euskal presoen senideek espetxetaraino egindako joan-etorrietan pilatutako kilometroak finantzatzen laguntzea du helburu Etxerat-ek aurkeztutako elkarfunding kanpainak. Bonuak salgai jarriko dira horretarako. Horien salneurriaren arabera, kilometro kopuru jakin bat finantzatzen lagunduko du erosleak.
Hortaz, 10 euroko ekarpena egiten duen herritarrak 130 kilometro finantzatuko ditu, eta ohialezko poltsa bat eskuratuko du trukean; 15 eurokoa egiten duenak 195 kilometro egiten lagunduko du, eta kamiseta bat jasoko du; azkenik, 20 eurorekin laguntzen duenak 200 kilometro beteko ditu, eta poltsa, kamiseta zein giltzatakoa jasoko ditu.
Bildutako diruarekin, esaterako, ondokoetan lagunduko du Etxerat-ek: “Urko Labeaga Hondarribiko presoaren asignazioa, mediku asistentzia, osasun psikologikoko laguntza, Mirentxin bidaiak, Harrera elkarteari laguntza, presoek jasotzen duten prentsa, Andaluziara (Espainia) doan autobusaren gastuak…”.
Hondarribiko sostengu taldeak adierazi duenez, kanpainaren “garrantzia” ikusirik “hemendik bultzada bat ematea erabaki dugu”. Hori dela eta, bihartik aurrera eta urriko zein azaroko larunbat guztietan San Pedro kalean egongo dira, 11:00ak eta 13:00ak bitartean.